Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Garaipena

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Munduko armategi nuklear handiena duen herrialdea, ezin dugu zokoratu irteerarik gabe utzi arte, besteok arrazoi guztia dugula sinistu arren.

Ukrainako gerrak, urtetako nazioarteko orekak egun gutxitan suntsitu ditu. Orain dela bi hilabetera arte iraunkorra eta sendoa zirudiena, ahul eta hauskor  azaldu zaigu tankeak kuarteletatik atera ondoren. Eta, gerran bertan, aldaketak egunetik egunera gertatzen ari dira. Errusiak Ukrainako muga zeharkatu zuenean, Kremlinak, gobernu gehienek eta Ukrainak berak pentsatu zuten eragindako iskanbila egun gutxiko kontua izango zela, errusiarrek azkar menderatuko zutela armada ukrainarra eta ezarriko zituen baldintzei buruz, Errusiari onartu beharko zitzaionari buruzko aurreikuspenak egiten hasi ziren adituak eta diplomatikoak.

Baina gehienok oker genbiltzan. Errusiarrek, itxuraz euren indarrez eta armategiaz fidatuta, ez zuten behar bezala prestatu erasoaldia; Ukrainarrek aldiz beraien baliabideak eta kanpotik jasotako informazioa ondo erabilita, aurre egin zioten lehen erasoari eta Putinen jeneralek estrategia aldatu behar izan zuten.

Lehen egun horietan, Estatu Batuek Volodimir Zelenski presidenteari ihes egiteko baliabideak eskaini zizkioten. Ukrainak, berriz, Istanbulen izandako negoziazioetan, ontzat eman zuen hasieratik ezinbestekoa zirudiena, Krimea errusiarra dela eta Donbassen estatusa eta etorkizuna negozia zitezkeela. Baina egunak pasa ahala, hasierako usteak erdi ustel azaldu zaizkigu. Errusiak, bere indar handiari esker aurrera egin arren, eragozpen nabarmenak ditu kanpaina hasieran jarritako helburuak lortzeko. Nazioarteko zigorrek eta, batez ere, Ukrainak jasotako armek, nekeza bihurtu dute soldadu errusiarren aurrera egiteko ahalegina.

Hori ikusita, Ukrainan bertan, baina batez ere nazioartean, gerraren garapenari buruzko iritzia aldatuz joan da. Hasieran errusiarren garaipen ukaezina zena, ondoren berdindutako lehia iruditu zaigu eta azken aste hauetan, gero eta gehiago dira ukrainarren garaipena posible dela diotenak. Estatu Batuak eta Erresuma Batuko goi-agintariak dira hori behin eta berriz azpimarratu dutenak, "garaipena posible da eta Errusia ahuldu beharra dago horrelako erasoak berriro egin ez ditzan".

Gerra honetan, borroka lekuetan gertatzen ari denari buruz datu gutxi eta nahasiak iristen zaizkigu. Alde bakoitzak informazio oso ezberdinak, kontrajarriak ematen dizkigute. Informazio okerrak eta propaganda, gerra tresna bihurtu dira. Zaila zaigu beraz, gertatzen ari denaz eta etor litekeenaz irudi zuzen samarrak egitea. Ez dakigu Vladimir Putinek buruan zer duen, noraino iritsi daiteken, zer egiteko prest dagoen garaipena arriskuan somatuko balu. Baina garbi dago baten batzuk arinkeriaz jokatzen ari direla. Munduko armategi nuklear handiena duen herrialdea, ezin dugu zokoratu irteerarik gabe utzi arte, besteok arrazoi guztia dugula sinistu arren. Lehen ere garaipenari lehentasuna eman zion Mendebaldeak, Errusiak umiliaziotzat sentitu zuen jokaerari eutsiz: Eta berriro egoera horretan jarriko bagenu, Putinek mutikotan gertatutakoa gogoratuko digu beste behin ere: arratoiari, inguratu eta ihesbiderik gabe uzten baduzu, irteera bakarra ematen diozu, eraso egin, eta etsai beldurgarria bihur liteke bizia jokoan duelako.