Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Eibarren armetan, euskal zinemaren inguruan

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Josu Martinez irakasle, ikertzaile eta zinemagileak 278 orrialdeko Euskal Zinemaren Patuaren inguruko hausnarketa eder, oparo… maleziatsua aurkeztuko du: "Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza".

Gaur bertan, maiatzak 5 egun baino bete ez duela, aurkeztuko du Villanueva de San Andres izenaz sortutako hiri armadun/motordunean Josu Martinez EHUko irakasle, ikus-entzunezko komunikazioan doktore, Kultur Antropologian lizentziatu, ikertzaile zorrotz eta zinemagile adoretsuaren azkenaurreko atrebentzia-balentria; 278 orrialdeko Euskal Zinemaren Patuaren inguruko hausnarketa eder, oparo… maleziatsua; Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza izenburuko lan ikaragarria, 2019an Eibarko Udalak UEUrekin lankidetzan antolaturiko XIV. Juan San Martin bekaren irabazle suertatu (ohore eta eskubide osoz) zen ekimen baten emaitza fundamentu handikoa. Hain sendoak ditu erroak eta zimenduak, ezen bat baino gehiago agertuko den kontra. Kontra bizian. Amorruz. Nerbioso. Izan ere, gu denok zordun agertzen gara orriotan.

Norekin zordun? Kreatura bitxi eta berezi askorekin. Zinema jaio orduko besteak asmakizun berria euskaraz nola izendatzeko liskar alferrikakoetan aritzen zirela, kamera edo antzeko tramankulurik hartu zuten nolabaiteko aitzindariekin. Haizeak eraman ditu beren izenak ahanzturaren amildegira. Ia inork ez zuen haien notiziyarik. Eta zuten gutxi horiek  baztertu nahiago. Izan ere, nola onartuko luke euskal zinemaren komunitateak apez suizidarik eta emakume eskuin muturrekorik, aipu merezi dutenen artean?

Baina izan, baziren. Badakizkigu egun beren izenak eta ezagunak egiten zaizkigu bi egile horiek hartutako hil edo biziko erabakiak. Ezagunak egiten zaizkigu Itsasoaren alaba , Sagarren denbora, Debekatuta dago oroitzea, Barrura begiratzeko leihoak, Gure sor lekuaren bila, Jainkoak ez dit barkatzen, Caminho longe  bezalako filmen autorea den doktore azeri-dotoreari esker.

Bai, ezin ukan: baditugu gure zinemaren Historian eta istorioetan 1941ean Uztaritzeko elizako kanpandorretik eskegita bere burua urkatu zuen apaizik eta monarkiko, antiparlamentario eta kontrairaultzailarena zen Action Française mungimenduaren jarraitzailea zen  emakumerik. Izana bazuten. Izan sendoa. Izenak ere badakizkigu: Hendaian sortua, Gerra Handian soldadu eta euskaltzaleen artean ahots nagusienetakoa zen Edmond Blazy; Saran jaio eta  naziek okupaturiko Frantzian hil zen Maddi Elissague, gazte-gaztetatik Ipar Euskal Herriko giro euskaltzaleak frekuentatzen hasi zen mademoiselle bakarra.

Bai Edmon bai Maddi ibili ziren artean indargabe zen euskal (edo) zinemagintza(edo)ren ertzetan. Baina Denborak eta Esker beltzeko joera gureak ahaztu dituzte.

Oraintxe arte. Nobela poliziakoa ematen duen Josuren tesiaren 50 orrialdean has zaitezkete, has gaitezke (denok) gure zorrak kitatzen, gu barkatzeko eskatzen. Bai Maddiri Ba Edmondi.

Hala ere, hori hasiera baino ez litzateke. Irakurri ahala, gure kulturaren mito batzuk eroriko dira aldareetatik: Oteiza, Basterretxea, Larruquert…. dardarizo zorigaizto batez sentituko baitugu askorentzat euskaldunok eta euskara museo batean gordetzeko moduko altxorra (hautsez betetakoa) baino besterik ez ginela…  Irakur ezazue. Seguru armak (kamera edo zinemarako sarrerak) hartuko dituzuela gure  pelikulen alde.