Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Eraginkortasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Helburuak eta bitartekoen arteko eztabaida gizakia bezain zaharra da, baina demokrazian helmuga bidea bezain garrantzitsua da, ezin baitira muga batzuk urratu.

Ukrainako gatazkak Mundua erabat aldatuko duela diote adituek. Nazioarteko harremanak ezberdinak izango dira, Mendebaldeko demokraziek, oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituzten erregimenei aurre egin beharko diete, eta lehia horrek erabakiko du zein den aukera onena, edo gutxienez eraginkorrena.

Pandemia garaian, Txinak, egoera menderatu eta gainditzeko zuen ahalmena erakutsi nahi izan zion Munduari. Une larrienetan geundela, asko izan ziren Europan, txinatarren efizientzia, antolatzeko ahalmena eta emaitzak lortzeko kemena goraipatu zituztenak. Gero gertatutakoek gezurtatu egin dute uste hori, baina alde guztietan, batez ere herrialde aurreratuenetan, emaitzen beharraren aldarrikapena indartu egin da. Teknologiak berehalakotasun premia muturreraino eraman duen honetan, nekeza eta batzuetan onartezina egiten zaigu itxaron behar izatea, gure beharra instant berean ez asetzea.

Helburuak eta bitartekoen arteko eztabaida gizakia bezain zaharra da, baina demokrazian helmuga bidea bezain garrantzitsua da, ezin baitira muga batzuk urratu. Europar Batasuna aurrera begira egin beharreko berrikuntzak eta aldaketak aztertzen ari da, eta aldaketen artean, erabakiak hartzeko era hobetzeko beharra du mahai gainean. Gaur egun, 27 herrialdeen adostasuna ezinbestekoa da garrantzi bereziko erabakietan, horrek zailtasun nabarmenak sortzen ditu, batez ere egoerari erantzunak berehalakoa izan behar duenean, eta gutxi batzuei gehiengoa bere interesetara makurrarazteko aukera ematen dio. Baina Elkarte Europarrak paradoxa harrigarria bizi du, guztien adostasuna beharko duelako, guztien adostasuna beharko ez dela erabakitzeko. Gaur egungo arauak ia ezinezkoa bihurtzen du era honetan aurrera pausoak ematea.

Herrialde demokratikoetan berriz, hauteskundeen gertutasunak gero eta arazo gehiago sortzen du, aukeratutako gobernuek, erabakiak hartzen hasi orduko, hurrengo hauteskundeetan pentsatzen hasi behar dutelako, eta horrek asko baldintzatzen du eguneroko jarduera. Politikoek ez dituzte erabaki batzuk hartzen hauteskundeak galtzeko beldurrez. Hori leporatzen zaienean, agintean ez badaude beste guztiak ezer gutxi balio duela diote, agintean izanik har daitezkeelako erabakiak eta egoera aldatu eta hobetu.

Jean Claude Juncker Europar Batasuneko komisio buru ohiak ezin hobeto laburbildu zuen gaur egungo antolaketa politikoaren akatsa, batez ere krisi garaietarako: "Badakigu  zer egin behar dugun, baina ez dakigu hori egin eta gero nola lortu berriro gu aukeratzea herritarrek". Aurki gainean izango ditugun erronkei aurre egiteko ezinbestekoa izango da politikoek egia esatea, eta guk egia horrek min egingo digula eta bizimodua okertu, onartzea. Era berean aitortu beharko dugu, eraginkortasuna eta berehalakotasuna eta demokrazia ez direla beti nahi bezain ondo uztartzen.