Itxi

Felipe Etxebarria

Sinadura

EBZren premiazko bilera, interes tasek nabarmen gora egin dutelako

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Estatuen zor publikoen bonuak modu masiboan saldu dira merkatuetan, eta horren ondorioz, Eurogunean zor publikoaren erosleek interes tasa handiak eskatzen dituzte.

Europako Banku Zentrala premiazko bilera ari da egiten. Horren arrazoia zera da: estatuen zor publikoen bonuak modu masiboan saldu direla merkatuetan, eta horren ondorioz, Eurogunean zor publikoaren erosleek interes tasa handiak eskatzen dituztela.

Astearte honetan, 10 urterako  Alemaniako zor publikoa % 1,77 interes tasara iritsi da. 10 urterako Italiakoak % 4 gainditu du. Eta krisi baten beldurra piztu  du horrek.

Beraz, bien arteko aldea, hau da, Italiakoaren arrisku prima, azken bi urteko altuena da.

Inbertsoreak kezkatuta daude, zalantzan jartzen dutelako EBZen ahalmena interes tasak markatzeko. Beraz, zalantzak dituzte Euroguneko Iparralde eta Hegoaldeko interes tasen aldeak murrizteko gai izango ote den.

Bart Isabellwe Schnabel, EBZko buruzagitzako kide alemaniarrak gogoratu duenez, Banku Zentralak tinko eusten dio Eurogunearen batasunari, orain dituen tresnak edo tresna berriak erabiliz.

Estatu baten aurka mugimendu espekulatiboak saihesteko, EBZ arreta handiz merkatuen eboluzioaren zain dagoela esan du. "Finantzazio baldintzei buruz ez dugu aldaketarik onartuko, horrek moneta politika arriskuan jartzen duelako". EBZren konpromisoa Eurogunearen zatiketa saihestea da, "eta horrek ez dauka mugarik".

EBZk duen aukera bat arrisku primak ekiditeko berriz obligazio horiek inbertitzea da, bonuetan zorra ordaintzen denean.

Merkatuak EBZren xehetasun gehiagoren zain daude, baina ez dirudi azken agiririk egongo denik 11:00etan hasi den bilera amaitzen denean.

Gaur goizean egoera zertxobait lasaitu da. 10 urtera Italiako zor publikoa % 3,88 zen, eta Frantziakoa, hamar urtera, % 2,99.

Europako burtsek ere igoera handiak izan dituzte gaur goizean.