Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Enmaren bila / Looking for Enma / À la recherche de Enma / Buscando a Enma

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Akaso, igual, agian, batek daki, periodikuetan honako iragarki hau irakurri duzue: "Film baterako Euskadin bizi den 8 eta 10 urte bitarteko neska baten bila ari da bertako ekoiztetxe bat".

Ba al duzue Carlota Peredaren berri? Ez? Ba konpondu beharreko asuntoa da. Lehenbailehen. Damutu aurretik, damutuko zarete eta. Lehen baino berandu hasiko zarete damu-kolpeka, minik hartu arte.

Zoazte Filmin plataformara eta ikusi 2019an Goya saria merezi zuen Cerdita izenburuko film laburra. Bertan, gorputzak eta arimak kiskaltzen dituen udako eguzkipean, mendekuaren gustu gozoa dastatuko du denek fisikoki eta psikikoki astindutako kiloak eta kiloak soberan dituen neskak.

Sar zaitezte helbide honetan eta Carlotak irudiarekiko, zinemarekiko duen atxikimendua zertan datzan antzemango duzue. Leituko duzue, hor nonbait, pandemia garaian on line burutu zen Estatu Batuetako Sundance zinemaldi garrantzi handi-handikoak kariño osoz  mimatu egin zuela labur hori abiapuntutzat hartuta Carlotak eta bere lantalde adoretsuak sortu zuten luzea, zinema genero guztien arteko mugak hausten zituena, atrebentzia harrigarriaz jokatzen zuena.

Sundance hura on line izanik, AEBetako ikusle guztiek izan zuten aukera sarean sartzeko, zegokion sailean sakatzeko eta Cerdita (luzea) ikusteko. Mila, milioi izan ziren klikak eta ikaragarriak aldeko kritikak.

Seguru zuen buruari galdezka hasi zaretela dagoeneko, zer dela eta Carlotarekiko jakingura/behar hori? Ez al dira komentatutakoak aspaldiko kontuak?

Bai, baina akaso, igual, agian, batek daki, periodikuetan honako iragarki hau irakurri duzue: "Film baterako Euskadin bizi den 8 eta 10 urte bitarteko neska baten bila ari da bertako ekoiztetxe bat". Gipuzkoan urriaren amaieran hasiko den filmaketan hartuko du parte aukeratuak, filma fantasiazko beldurrezko generoaren barruan kokatzen da. Castingean parte hartzeko, gaur egungo argazki bat, aurkezpen-bideo bat, jaiotza-data eta bizilekua bidali behar dira castingficcion22@gmail.com helbidera.

Ba justu luze hori Carlota Peredaren bigarrena izango da. Euskal Herrian filmatzekoa denez, gurera da etortzear laster batean istorioa non kokatu erabaki behar dutelako berak eta lantaldeak. Bide batez, Gipuzkoara iritsi orduko jauzi egingo du Lapurdira Cronenbergen Crimes of the Future zeluloidezko amesgaiztoa ikusi nahi baitu. Lehen baino berandu. Ezin apartatu burutik  desira ilun hori…

Un regalo para Ane du izenburu filmak. Baina bila dabiltzan neskatoa ez da Ane hori. Neskatoak Enma du izena… Eta ezin dugu gehiago kontatu…

…Filmaren argudioaz.

Beste gauzez bai. Esaterako, ekoizleez mintza gaitezke. Eskarmentu  handikoak dira eta merezi dute aipu. Alde batetik, Filmax dugu. Espainiako terrorea ezingo genuke ulertu, ezin da aztertu eta txalotu Filmax izena ahoskatu gabe. Bestaldetik, Bixagu Entertaiment ekarri behar dugu argitara. Donostian da kokaturik eta zinemaldi ugari korritu izan dituen Iñaki Gomez da fundatzailetako bat, bestea negozio kontuetan ibilbide bikaina duen Pablo Echart delarik.

Un regalo para Ane-ren protagonista nagusiak antzeztuko dituzten aktoreak ospetsuak dira arras eta ofiziokoak baina ezin dira aipatu, sekretupean daudelako izenak. Jakin badakigu, ordea, filmak beharrezkoa duen argia nork sortuko. Adi izan: Rita Noriega! Almodovarrekin lan egina da, bai, baina guretzat asko esanguratsuagoa zera da, Maider Oleagaren Kuartk Valley-en izan zen argazki zuzendaria

Eta zergatik  hautatu du Euskal Herria kokapen Madrilgo Chamberi auzoan bizi eta orain arte Extremaduran filmatu duen Carlotak, banpiroak maite dituen zinemagileak? Ba justu, berak esanda, Tradizioa eta Modernitatea uztartuz, bizitzeko dugun abileziagatik.

Hamar urte izango banu, ilusioz blai aurkeztuko nintzateke Un regalo para Ane horretan Enma izateko. Benetan diotsuet.