Itxi

Felipe Etxebarria

ANALISIA

Kohabitazio arriskua Frantziako hauteskundeetan

FELIPE ETXEBARRIA

FELIPE ETXEBARRIA

Jean Luc Mélenchon Frantziako ezkerreko buruzagiaren helburua Asanblea Nazionalean gehiengo osoa lortzea da, lehen txandan Macronen alderdiarekin parekatuta egon eta gero. Ondorioz, lehen ministro izatera iritsiko litzateke, eta Macronek Errepublikako presidentzia kohabitazioan eraman beharko luke.

Ez litzateke lehen aldia izango presidentearen alderdia eta parlamentuan gehiengoa lortutakoa berbera ez direla. Hiru aldiz gertatu da hori Frantziako historia berrian, eta bakoitzean kohabitazioaren praktika ezberdina izan da.

Lehen kohabitazioa (1986-1988): Errepublikako presidentea François Mitterand sozialista eta lehen ministroa Jacques Chirac kontserbadorea zirelarik gertatu zen. Orduko kohabitazioa agintari bien arteko gorabehera nabarmenekin gertatu zen.

Lehen aldiz, botere exekutibo gehiena lehen ministroaren eskuetan geratu zen. Baina presidenteak Damoklesen espata zeukan eskuetan, edozein momentutan dimititu zezakeelako edo parlamentua desegin.  

Bigarren kohabitazioa (1993-1995): Mitterrand presidentea Edouard Balladour kontserbadorea lehen ministro izendatzera behartuta zegoen, honen alderdiak Asanblea Nazionalean gehiengo nagusia  lortu baitzuen. Orduan, Alderdi Sozialistak sekulako jipoia hartu zuen, botoen %17 baino ez baitzituen lortu. Horrek eta osasun arazoek estatuburua politika zuhurra egitera behartu zuten. Hala ere, hori ez zen presidentearentzat oztopo izan Gobernuarekiko ezadostasunak agerian jartzeko, giza eskubideak arriskuan ikusten zituenean. 

Hirugarren kohabitazioa (1997-2002): Dagoeneko Errepublikako presidentea Jacques Chirac zelarik, Lionel Jospin sozialista lehen ministro izendatu zuen. Kasu honetan, egoera zaila gertatu zen presidentearentzat. Hauteskunde porrota parlamentua desegin eta gero gertatu zenez, urtebeteko epean ezin zuen berriz parlamentua desegin. Edonola ere, Mitterrandek egin zuen bezala, denen interes orokorren zaindari moduan jarri zuen bere burua, epaile papera hartuz, eta Gobernuarekin bat ez zetorrenean, iritzi publikoaren aurrean bere desadostasunak erakutsiz.  

Kohabitazioa dagoenean, lehen ministroak Gobernuaren ia botere guztiak bereganatzen ditu. Presidenteak, ostera, oso mugatuak ditu bere eskumenak. Defentsan eta atzerri politikan soilik dauka benetako boterea. Hala ere, estatuburua Ministro Kontseiluko burua ere badenez, bere sinadura beharrezkoa da Gobernuaren dekretuetan. Bere sinadura ukatuz, presidenteak dekretuen onarpena oztopatu dezake, lehen kohabitazioan gertatu zen bezala. Edonola ere, presidentearen boterea oso mugatuta geratzen da kohabitazioan. Egoera hori da, hain zuzen ere, Macron presidenteak saihestu nahi duena igande honetako hauteskundeetan.

                                                                            FELIPE ETXEBARRIA