Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Zetaren Bide Berria geratuta, pandemiaren ondorioz

FELIPE ETXEBARRIA

FELIPE ETXEBARRIA

Azpiegituretan inbertsio erraldoiak eginez, Txinak mundu mailan bere eragina handitu nahi du. Pandemiak geratu egin du hori, baina helburuak berdina izaten jarraitzen du: mundu mailan ordena berria eraikitzea.

NATOko azken goi bilerak nazioarte mailako harremanak azpikoz gora jartzen ahalegintzea leporatu dio Txinari. Egun gutxi lehenago G7ko goi bilerak Bavarian Txinaren eraginari aurre egiteko mundu mailan inbertsio plan erraldoiak bultzatzea erabaki zuen. Guztira 600.000 miloi dolar datozen bost urteetan, kapital publiko eta pribatuek osatuta. Horietatik 190.000 miloi, AEBk jarriko dituzte, gainerakoak europarrek eta Japoniak. 

Xi Jinping Txinako presidenteak 2013an martxan jarri zuen Zetaren Bide Berrirako estrategia geratuta dago, hainbat begiraleren ustez. Gainera, ez dirudi uste bezain indartsua denik. Garapen-bidean dauden herrialdeei Txinak ematen dizkien kredituak azkar murriztu dira 2016az geroztik. Murrizketa hori neurtzen duten kalkulu ezberdinak daude, emandako maileguei buruz, Txinak ez dituelako datu fidagarririk kaleratzen, ez eta izenpetutako kontratuei buruz ere. Bostongo Unibertsitateko ikerketa batek dioenez, garapenerako bi banku txinatar nagusienek beren maileguak % 94 murriztu zituzten 2019an 2016koekin konparatuz. John Hopkins unibertsitateak egindako ikerketaren arabera, epe berean, Txinako bankuek Afrikako herrialdeei kredituak %75 murriztu zizkien. 

Hasieran arrazoi politikoa handiagoa ekonomikoa baino

Idea martxan jarri ondoren, banku eta enpresa txinatarrak presiopean izan ziren proiektuen arriskuak eta fidagarritasuna kontutan izan gabe Hirugarren Munduko proiektu asko eta handiak finantziatzeko. Arrazoi ekonomikoek ez zuten pisurik izan erabaki horietan. Horrek Txinaren ekimenari "zorraren tranpa" izatearen ospea eman zion, eta Txinak bertan behera utzi edo berriro programatu behar izan zituen mailegu asko. Garapenerako banku askok zeukaten arrisku-gosea murriztu behar izan zuten, Pekingo agintariek arriskuak hobeto kudeatu behar zituztela ohartarazi ostean. 

Pandemiak azkartu egin du inbertsioak murrizteko  joera

Pandemia aurretik Zetaren Bide Berriak zeuzkan proiektu asko bertan behera geratu dira, Natixis Frantziako inbertsio bankuaren arabera. Negoziaketak eta proiektu berrien plangintzak geratuta daude azken bi urteetan Txinak bere mugak itxi dituelako. Ez erabakiek hartzen dituztenek, ez ingeniariek, ez eta langileek ere, ezin izan dute herrialde horietara bidaiatu. Pandemia eta gerren ondorioz, zorraren krisiak areagotu egin dira Pakistanen, Sri Lankan eta Zambian, besteak beste. Zero-Covid estrategia txinatarrak oraindik gehiago geldiarazi du ekonomia, eta bankuak presiopean daude kredituak Txinan bertan emateko, atzerrian eman ordez.

Orain segurtasun helburuak aldarrikatzen dira

Txinaren ildo berria iaz ezarri zen Txina-Afrika goi bileran. Aurrekoan, 2018an, Xi Jinping presidenteak "azpiegiturei eta 20.000 miloi dolarretako inbertsioei buruz hitz egin zuen. Ostera 2021an "ekonomia eta merkataritza beharrei" zuzendutako diru kopuru hori erdira jaitsi zuen. Txinak ez zituen jadanik azpiegituretan kokatzen inbertsioak, AEBko Brookings institutuak azaltzen zuenez.

Horrek ez du esan nahi Zetaren Bide Berria amaitu denik, ekimen hori Txinako Konstituzioan errotu baita, eta Txinak 146 herrialderekin asmoen agiria sinatu duelako. Zetaren Bide Berria antolakuntzarako egitura bihurtu da, horren bidez, Txinak nazioarte mailan dituen harremanak arautzen ditu eta behar berriei erantzuteko balio dio. Covid-aren aurkako txertaketaren diplomaziari Osasunaren Zetaren Bidea deitzen zaio. Era berean G4aren gisako komunikabideetarako azpiegituren esportazioari Zetaren Bide digitala deitu zaio.

Iraganean Txinak ukatu egiten zuen Zetaren Bidea ekimen geoestrategikoa zenik, orain ostera, segurtasun politikaren helburuekin argi lotzen du. Horrela Txinak Salomon uharteekin segurtasun hitzarmena negoziatu du soldaduak eta gerraontziak bidaltzeko, eta bere portuak erabiltzeko.