Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Lehen ministro britainiarra, agintaldiko egoera okerrenean

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarriak Boris Johnsonen egoeraren nondik norakoak azaldu ditu.

Boris Johnson lehen ministro britainiarraren babes politikoa azkar ahulduz doa. Azken eskandaluaren ondoren, argitaratutako inkesta baten arabera, 2019ko hauteskundeetan alderdi kontserbadoreari botoa eman ziotenen artean, % 54k Boris Johnson kargutik joan dadila nahi dute. Eskandalua sortu zen lehen ministroak Chris Pincher Parlamentuko talde kontserbadoreko bigarren arduradun izendatzeagatik, jaramonik egin gabe ohartarazi ziotenei izendatutakoak sexu joera ez egokiak egin zituela.

Hori dela eta, boto-emaile kontserbadoreen artean, lehen aldiz gehienak dira Boris Johnsonen dimisioa nahi dutenak.

Boris Johnsonek bere akatsa aitortu eta gero, bere Gobernuko dozena bat ministrok eta goi mailako karguk dimititu egin dute, Lehen ministroa egoera oso zailean jarriz, nahiz eta Johnsonek karguari indar guztiekin heltzen dion. 2016ko Brexitaren erreferendumetik hona Britainia Handiko politika dominatu duen gizona boterea eta autoritatea oso azkar galtzen ari da.

Britainia Handiko politikan, sarritan esaten denez, aurkari politikoak Parlamentuko aurrez aurreko jarlekuetan jartzen dira, ostera benetako etsaiak ondoko jarlekuetan, edo atzeko jarlekuetan jartzen dira, norberaren alderdikoak izaten dira. Hori da Boris Johnsoni gertatzen ari zaiona; azken konfidantza mozioan bere aldeko botua eman zutenak ere bere dimisioa ari dira eskatzen.

Duela hilabete izan zen konfidantza mozioan Boris Johnsonek irabazi eta gero, nahiz eta Alderdi Kontserbadoreko kideen % 41 kontra egon, teorikoki ezin da mozio gehiagorik aurkeztu, urte bete igaro arte, baina "1922 Batzordeak" gauzak aldatu ditzake eta gehiengo sinple batekin arauak aldatu, eta Boris Johnsonen aurka beste konfidantza mozio bat aurkeztea posible egin.

Datorren astean diputatu kontserbadoreek batzorde honetarako kide berriak hautatuko dituzte, eta hauek arauak aldatzen badituzte, beste konfidantza mozioa gauzatzen bada, begirale gehienen arabaera, Boris Johnsonek oraingoan galdu egingo du. Hori horrela bada, Boris Johnson udako parlamentarien oporrak baino lehen kargutik kanpo egon daiteke.