Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Udako zinema hipotesietan endredaturik

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Estreinaldi itzelik ez den une honetan, super heroi eta super bilau guztiak udazkenerako maltzurkeriak prestatzen ari direla,  ezkutu izan diren tamaina txikiko  edo ertaineko heroi zeluloidezkoek hartzen dituzte derrepentean ez hain korrienteak diren gure etxe ondoko aretoak.

Zinema aroez, zinema urtaroez tutik ez dakitenek harroxko samar esango dizute udan kasik zinemarik ez dela gure etxe ondoko areto korrienteetan.

Ezjakite ahoberoak bultzaturik mintzatu ohi diren horiek ia beti daude oker. Tronpaturik. Erraturik. Udan zinema bada.  Are gehiago, beste zinema denboraldietan ikusterik ez dagoen, ez dugun, zinema berezi, arraro, bitxi, kasik xelebre nahikoa dastatzeko parada ezin hobea luzatzen digute bukatzear den uztailak eta hastear dugun abuztuak. Estreinaldi itzelik ez den une honetan, super heroi eta super bilau guztiak udazkenerako maltzurkeriak prestatzen ari direla,  ezkutu izan diren tamaina txikiko  edo ertaineko heroi zeluloidezkoek hartzen dituzte derrepentean ez hain korrienteak diren gure etxe ondoko aretoak.

Esaterako eta gaur bertan. Osteguna, 28 a. Uztaila. Non zaudete? Iparraldean akaso? Bisitan? Paseoan? Ardo onak erosten? Hondartzan? La Corniche izeneko kostalde famatuan edo gure hizkuntzaren tenplua den Zuberoako, Lapurdiko edo Behe Nafarroako  barnealdean? Ba…. Harrapatu La Bande Passante kolektiboak luzatzen digun gonbita. Lapurdiko Getaria herrian (bertakoak dira, hainbat kortsarioz gain, Labèque ahizpak, pareko gutxi duten piano-jotzaileak). Arratsaldeko (kasik gaueko) 20:30ean.

Hortxe eta orduantxe izango da ikusgai eta eztabaidagarri,  Getari Enea aretoan, L'hypothèse démocratique – Une histoire basque, bazterrak astindu  eta haizeak harrotu izan dituen filma. Thomas Lacoste filosofo, pentsalari, polemista, idazle, sortzaile, eragile, ekintzaile Bordelekoak eginda, Buscando a Eric, Ladybird edo Riff-Raff bezalako lanak sinatu dituen Ken Loach betiereko matxinoak sostengatua eta Senpere aldean eta aldetik errebolta guztietan sartzeko prest diren Gastibeltza Filmseko ekoizleek babestua.

Munduak korritu izan ditu gure herria hamaika zatitan hautsi izan duen herio-odol—gorroto-ezina-tristura-errepresioz gainezka izan den gatazkari begirada botatzen dion dokumental honek. Parisen izana da. Baita Korsikan ere. Frantziako Tolosan. Avignonen (bitxia eta arras esanguratsua bertako aretoaren izena… Utopia).

Izan da Iparraldean, Baionako L´Atalanten. Izan da hamaika lekutan. Baina ez  baduzue horren berririk izan, gaur duzue aukera. Gazia da proposamena baina interesgarria, polemikoa oso, ziurrenik. Apur bat leuntzeko asmotan, ardotxo bat eta mokadu bat hartzeko gonbita ere egina da. Zazpietan arrima zaitezkete topo eta topa egitera.

Bai. Badago zinema gurean. Udan.  Esan, zein larrialdi klimatikoaren  erasoen kontrako aterperik onena areto freskatu bat baino?

Ez, pantailak ez dira itzaltzen udan. Ezta zineklubekoak ere.

Ez didazue sinesten? Ba hurbil zaitezte datorren asteartean Errenteriara. Abuztuaren 2an, familia osorako eskaintza du Ozzinema klubak: hamaika sari eta txalo zaparrada ziento jaso duen animaziozko deabrukeria den The Mitchells vs the Machines…

Kontatu dizuedan guztia kontatua ere, etxean nahiago duzuela gin-tonika? Ez izan kezkarik: Filmin plataforman hasi berri da  Atlàntida Film Fest 2022koa. Filmen ehizan ibiltzea da, hor, proposamena. Ordu zehatz batzuetan estreinatzen baitira eta egun (edo gau) jakin batzuetan. Harrapa itzazue edo… betiereko damutu, ez baita hemen, bigarren aukerarik.