Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Makina bat plano sekuentzia, hamaika liburu eta baloi bat Zinemaldian

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Aretoetatik  atera orduko bat-bateko topaketetan, bertaratu garenok elkarri galdetzen diogu ea ikusi berri dugun pelikulan plano sekuentzarik ba ote zen. Erantzuna baiezkoa izatekotan, bigarrena  honako hauxe: eta zenbatekoa?

Hona hemen euskarazko Wikipediatik plano sekuentziaren azalpen benetakoa, zuzena eta argia: Zineman eta telebistan, errodajea planifikatzeko teknika bat da. Denbora luze samarrean etenik gabeko hartunea egiten da, eta travellingak eta plano- eta angelu-tamaina desberdinak erabil daitezke pertsonaien jarraipenean edo agertoki baten erakusketan. Efektu dramatiko eta narratiborako erabil daiteke, baldin eta behar bezala egiten bada

Kantu zahar eta ederrak dio haltzak ez duela bihotzik ez gaztanberak hezurrik. Era berean, entziklopediek ez dute  sentimendu handirik beren lerroetan azaltzen eta ez dira eguneroko gozamen eta tristezietan murgiltzen. Ez dakite egile askoren desafioak zertan. Ez dakite zeinen erraz erortzen diren asko harrokerietan. Ez dute aipatzen sareetan erronka horiek eta harrokeria puntu horiek gu ikusleok bizi eta biziko gaituztela.

Aspalditik dator zinemagileek plano sekuentziarekiko maitasunezko-gorrotozko kontu delizios hori.

Zine jaialdietan, denek nahi dute soberan dauzkaten dohainak argitara, pantailetara ekarri, bai ikusleria, bai epaimahaikidek, bai inbertsoreak zoratu, limurtu balakatu ahal izateko.

Eta horretarako, plano sekuentzia baino arma, tresna, truku egokigorik ez da. Nahiz eta askotan, gezur hutsa izan.

Bukatzear den Donostiako zinema bilkura, azoka, festa, erakusleiho horretan, plano sekuentzien afera  hau zaletuon artean darabilgun apustu markaz kanpokoa bilakatu da. Aretoetatik  atera orduko bat-bateko topaketetan, bertaratu garenok elkarri galdetzen diogu ea ikusi berri dugun pelikulan plano sekuentzarik ba ote zen. Erantzuna baiezkoa izatekotan, bigarrena  honako hauxe: eta zenbatekoa?

Bere azken-aurreko eguna betetzen ari den  San Sebastian International Film Festivalean, hiru izan dira bikainak, hiru itzelak, hiru berdintzeko zailak oso. Zabaltegi sailean, Hego Koreako zuzendari prestua den Lee Chang-dongek (Burning izeneko film anker-ederraren zuzendaria) 28 minutuko batez harrapatu zituen  ikusleak, ahoa bete hortz, begiak bete ustekabe utziz. Izan ere, 28 minutuko plano horrek osatzen du 28 minutu irauten duen  intentsitate handikoa. Heartbeat labur berea.

Errumaniako zinema berriaren alde apustu egitea ez da inoiz ez lelokeria. Sasoiko dira bertako zinemagile berriak. Ironia larriaz egiten dute gainezka euren filmek. Etsenplurako, Christian Mungiuren R.M.N. Bertan, 20 minutuko plano sekuentzia batean geratuko zarete seko katramilaturik.

Hirugarrenez, aipatu behar/nahi dizuet  laster gure etxe ondoko pantailetan ikusgai izan den Rodrigo Sorogoyenen  As bestas akatsik gabeko film tragiko eta bortitza. Bertan, taberna batean, kamera mugitzen ez dela, 10 minutuko bat izango duzue begi-bistan.

Baina ez pentsa, plano sekuentziarik gabeko zinema existitu egiten da. Eta sarri, plazererako beta ikaragarria ematen digu, A las mujeres y a los libros cantok, esaterako, Maria Elorzarenak.

Bai, kantu bat da. Baina ez bakarrik emakumeei, ez soilik liburuei. Bizitzari, tabakoari, aspaldi zaharreko argazki eta irrati nobela horiei, oroipen gazi-gozoei. Banpiroei. Arceko Joanari…

Baliteke Nana Mchedidzeren 1975ko Pirveli mertskhali horretan plano-sekuentziarik izatea. Ez naiz akordatzen. Gogoan eta bihotzean dudana zera da,  Georgian futbola nola eta noiz hasi zen, umoretsu eta erritmo finaz kontatzen duen ipuin koloretsu honek jabe eta jainko bakarra onartzen du, BALOIA!