Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Italiako ultraeskuinak agerraldi arranditsua, azken mitinean

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Igande honetako hauteskundeetan, inkesta guztien arabera, irabazletzat ematen den Giorgia Meloni Fratelli d'Italiako buruzagia eskuineko bere aliatuekin batera azaldu da ekitaldi politiko horretan, hain zuen ere, Silvio Berlusconirekin eta Mateo Salvinirekin.

Italiako ultraeskuinak menderatzen duen aliantzak agerraldi arranditsua egin du Erroman, hauteskunde-kanpainako azken mitinean.

Igande honetako hauteskundeetan, inkesta guztien arabera, irabazletzat ematen den Giorgia Meloni ultraeskuineko Fratelli d'Italiako buruzagia eskuineko bere aliatuekin batera azaldu da ekitaldi politiko horretan, hain zuen ere, Silvio Berlusconi, Forza Italiako buruzagiarekin eta Mateo Salvini, Liga alderdikoarekin.

Inkestek diotena betetzen bada, Giorgia Meloni, Mussolini diktadorearen miresle ohiaren eskuetan izango da Italia, bera izango baita gobernuburua.

Azken inkesten arabera, Fratelli d'Italiak botoen % 24 eta 25 bitartean aterako ditu, ondoren zentro-ezkerreko Alderdi Demokratikoak % 21 eta 22 bitartean, jarraian Bost Izar Mugimenduak, indar antisistemak, % 13-15 inguru, Mateo Salviniren Ligak % 12, eta Berlusconiren Forza Italiak % 8 lortuko lituzkete.

Beraz, eskuin eta eskuin muturraren arteko koalizioak botoen % 45 lor ditzake, eta Parlamentuko diputatuen gehiengo osoa eskuratu.

Erabakigarria izango da parte-hartzea: % 70 baino txikiagoa izango da, inkestek diotena betetzen baldin bada.

Giorgia Melonik agindu duenez, etorkinei Italiako mugak itxi egingo dizkie. Horretarako neurriak eta etorkinak kanporatzeko guneak ugaritzeko asmoa du. Arlo sozialean, abortuaren, eta homosexualen ezkontzen eta adopzioen aurka dago.

Arlo ekonomikoan, herritarren gutxieneko errenta kentzeko asmoa du. Euroeszeptikoa izan arren, ez du eskatzen Europar Batasunetik edo Euro monetatik ateratzea.

Ukrainako gerra dela eta, Ligako Mateo Salvini ez bezala, ukrainarren alde dago, nahiz eta iraganean Putin presidentearen aldeko laudorioak bota, "identitate kristaua fundamentalismo islamikoaren aurka" defendatu omen duelako.

Kanpainako azken txanpan bere adierazpenak ohikoak baino moderatuagoak izan dira, eskuineko boto moderatua ere erakartzeko asmoz.

Igandean lor dezakeen garaipenak Bruselan kezka sortu badu ere, oraingoz merkatuek ez dute erreakzionatu, blokeo baten arriskua izan arren.

Gogoratu behar da, Greziaren ondoren, Europar Batasunean Italiak duela zor publiko handiena. Zor hori BPGren % 155ekoa dela, hori da: 2,9 bilioi euro.