Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Europar Batasuna, kezkatuta Italiako eskuin muturraren garaipenarekin

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Bruselan, batez ere, arlo ekonomikoak kezkatzen du. Italiak EBko zor publiko handiena dauka, 2,9 bilioi euro. Erlatiboki, Greziaren ondoren, bigarren zor publiko handiena dauka, BPGren % 155.

Bruselan kezka nabaria da Italian eskuin muturra boterera iritsiko delako, hamar egun lehenago Suedian ere eskuin muturra boterera heldu eta gero. Hauek Polonia eta Hungariako gobernu populisten babesa izango dutela uste da. Gogoratu behar da herrialde hauek Europako Batzordearekin tirabiran ari direla eskubide estatua eta botere banaketa ez errespetatzeagatik.

Italia Europar Batasuneko hirugarren ekonomia handiena da, eta sorrerako sei herrialdeetako bat ere bada. Bruselan, batez ere, arlo ekonomikoak kezkatzen du, egonkortasun egoera arriskuan jar dezakeelako. Italiak EBko zor publiko handiena dauka, guztira 2,9 bilioi euro. Erlatiboki, Greziaren ondoren, bigarren zor publiko handiena dauka, BPGren % 155.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak dagoeneko ohartarazi duenez, eskuin muturreko gobernuak Europako printzipio demokratikoak urratzen badituEBk Italiari diru laguntzak kenduko dizkio.

Gogoratu behar da, Europako ekonomia bultzatzeko diru kopuru handiena Italiari dagokiola, 70.000 miloi euro, guztira 750 000 miloi euroko zenbatekoa duen funtsetatik.

Horrez gain, Europar Batasunean kezkatuta daude migrazioaren arloan, abortu eskubidearen arloan, eta batez ere Ukrainako gerraren inguruan Italiak har ditzaken neurriengatik. Izan ere, Giorgia Meloni ukrainarren alde agertu bada ere, Ligako Mateo Salvini, bere koalizio kidea Putin presidentearen alde azaldu da, eta Errusiaren kontrako zigorren aurka dago.

Europar Batasuneko politikarien lehen adierazpenek dagoeneko kezka hori azaldu dute. Alemanian, gobernuan dagoen SPD alderdiko Katarina Barleyk, Europako Parlamentuko presidenteordeak, azaldu duenez, Italiako eskuin muturraren garaipenak arriskuan jartzen du "Europar Batasunean barneko elkarlana".

Europako Parlamentuko Berdeen bozeramailea den Rasmus Andresenen ustez, Italian izan den "eskuin muturrerako birak" ondorio astunak eta zabalak izango ditu Europan eta Europar Batasunean.

Bestalde, Brusela lasaitzen saiatu da gaur Antonio Trajani Europako Parlamentuko presidente ohia. Eskuin/eskuin muturreko koalizioan dagoen Forza Italiako buruzagi honek segurtatu duenez, Italiak Europar Batasunarekin sinatuta dituen itun eta konpromiso guztiak errespetatuko ditu.