Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Adio… Kerida, Sarajevotik

Begoña del Teso

Begoña del Teso

"Maldita, a Love Song to Sarajevo" film laburrean, markaz fuerakoa, markaz bestaldean, ez igualik, ez parekorik, ez berdinik ez duen gizaki baten potreta  erregalatzen digute Raul de la Fuentek eta Amaia Remirezek.

Inoiz, inon, nonbait, non-nahi den, noiznahi den ikusteko parada, beta, aukera izango duzuelakoan luzatzen dizuet Maldita, a Love Song to Sarajevo film laburraren gaineko izkribu hau. Inork, sakon maite zaituzten horietako baten batek, dastatzeko erregalua egingo edo okasioa emango dizuen esperantza eroaz.

Baliteke inkluso Hondarribian izatea plazera, tentazioa. Izan ere, Medina del Campoko zine jaialdian sari potoloa irabazi ondoren, egileek zein babesleek zein ekoizleek Amua izeneko musikaren inguruko ikus-entzunezko festaren hautaketa batzordeari aurkeztu diote. 

Amua festibala abenduan izango da. Zein egunetan? 8an, 9an eta 10ean. Non? Itsas Etxea Auditoriumen. Eta ondoko txoko eta bazterretan.

Kontzertuak izango dira (badator Juan Perro…). Irrati saioak. Zuzenean. Diskoak erosteko azoka. Eta Musika-Film Laburren  Zinemaldi txiki baina fina. 

Akaso, agian, apika, batek daki, hantxe izango da ikusgai eta lehian Medicus Mundi Mediterranea GKEko kidea den Ivan Zahinosen kontakizun batean inspirazio harturik, Raul de la Fuentek eta Amaia Remirezek burutu duten lan itzel hau.

Ezagunak egiten zaizkizue izen horiek? Ez da harritzekoa. Zinema benetan maitatzen baduzue, ezagutzeko modukoak, beharrekoak dira bien zine balentriak. Biak dira Beste egun bat bizirik animaziozko mirari haren autoreak. Ederki dakizue Canneseko Sail Ofizialean estreinatu zutela. Ederki dakizue 2019tik hona 14 ikur eskuratu dutela. Ederki dakizue EITB Nahieran plataforman duzuela eskura.

Oraingoan Raulek eta Amaiak (munduko lau iskinetan barna ez dabiltzanean Iruña eta Donostia dituzte kokaleku, aterpe abegi) markaz fuerakoa, markaz bestaldean, ez igualik, ez parekorik, ez berdinik ez duen gizaki baten potreta  erregalatzen digute: Bozo Vecro.

Musikaria da. Poeta. Sexu guztietatik, genero guztietatik at dagoena, sailkapen orotik haratago joan den izakia.

Bizarduna, turbantea buruan duela, emakumezkoen soinekorik ederrenak, arinenak janzten ditu dotorezia bereziaz. Elegante-elegante mugitzen du Manilakoa dirudien zetazko xala. Besoak tatuaturik, belarritako handiak zintzilika abestu egiten du Sarajevoko sinagoga zaharrean. Kapela jantzita, bisita egiten dio kanposantuan  gerra garaian min gorrian hil egin zen lagunari. Abeslariak, Sarajevo hiriak bezalaxe, hamaika kultura ditu zainetan. Sarajevo hiriak bezala gerra jasan zuen. Ikusi zituen gorpuz beteriko kamioiak eta  hiri osoa hartzen zuen odol lurrun/kiratsa usaindu.

Bizirik iraun zuten. Biek. Sarajevok eta Bozok. Eta hamaika hizkuntzatan kantatzen du kantariak alegrantzia hori. Baita desesperazioa ere.

Hamaika hizkuntzatan, bai. Errege-erregina Katolikoek deserriratu juduek Balkanetara eraman zuten gaztelania barne, orain ladino izenaz ezagutzen den espainolera eder eta antzinako hori. Hilerrian dela, lagunari kantatzen dio hebreeraz jositako mintzo aspaldiko horretan… Adio… kerida…adio.

Hortxe txundituko zaituzten dokumentalaren muina. Ea ikusterik duzuen. Bestalde, Bozo Vecroren irudiak eta soinuak sareetan dituzue dastagarri/harrigarri. Sarean ere, inoiz, inon, inork erregalatua ikusiko duzuen (Jainkoak eta deabruak lagun!!!) lan hori nola gauzatu zen kontatzen duen 15 minutuko laburra…

Adio….keridos. Agur t´erdi. Shalom.