Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Nerea, Bilboko jostuna

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Guk gaur egungo Neo-Bilbo izena hartu duen hiri horretako gaur egungo jostun batez nahi dugu izkiriatu. Nerea Torrijos du izena.

Herri honetan egin den, egiten ari den eta egingo den zinemaren zeluloidezko zimenduetan, 1924an Bilboko kaleetan, baita Donostian ere, Telesforo Gilek, su hartzen zuten pelikula horietako batean, filmaturiko Edurne, modistilla bilbaína aurkitzen dugu beti erreferentzia, ikur, santu-zeinu.

Garai haietako zinemagileen mentura-abenturekin nahi adina liburu idatziko genuke. Esaterako…. Ba al dakizue gaur puntaren puntan dugun gure zinemagintzaren mugarri horrek Bilboko gozogile batzuen eskuetan bukatu zuela Telesforok berak erregalaturik? Fotogramak hartu zituzten artisau haiek, moztu banan-banan eta beren  karameluentzako bilgarri erabili!! Publizitate-erreklamorik ederrena ez zela ezin ukatu…

Egia esan, ez zen izan patu malapartatua film hartarako, gozoa baizik. Ez penatu gehiegi, geroxeago aurkitu zuten zinema-bilatzaile adoretsuek birmoldatzeko modua.

Baina horiexek aspaldiko kontuak dira, pasa den mendekoak. 98 urte igaro dira, eta zinema egungoak besarkatzen gaitu Euskal Herriko iskin guztietan.

Izkribu hau zein ordutan irakurtzen duzuen arabera, joka ezazue aditza: gaur, azaroak 3 egun baino ez dituela, bilbotar peto-petoa den Pedro Olea pelikulero aparta ari dira omentzen, omendu dute edo omenduko dute Gasteizko Artiumen eta Donostiako Tabakaleran, baina bere saltsan, bere txokoan, bere erreinuan ikusi eta txalotu nahi izanez gero, itxaron ezazue bihar arte.

Ostiralean, ehun urte beteko dira Tutankamonen hilobia aurkitu zenetik. Ostiralean, Bilboko Arte Ederretan Oleak berak aurkeztuko ditu, Donostian bezala, bere bi lan markaz fuerakoak: El bosque del lobo eta Zombie eguna.

Baina Pedro ez da jostuna. Eta guk gaur egungo Neo-Bilbo izena hartu duen hiri horretako gaur egungo jostun batez nahi dugu izkiriatu. Nerea Torrijos du izena. Badarama denbora franko zinema kontuetan. Goya saria eskuratu zuen Akelarre filmerako sortu/asmatu/amestu eta beste askoren laguntzarekin josi zituen jantziak zirela medio.

Hamaika zine proiektutan izan da sartua, da sartua, izanen da sartua. Esaterako… Ana Murugarrenen García y Garcian, Aitor Gametxoren Berak balekin, Borja Crespo eta Susana Miravallesen Ikikomorin, Maider Oleagaren Irritsen, Diego Hallivisen American Carnagen, demonioek hartutako Errementarin. Gehiago? Ba bukatzear den Estibaliz Urresoloren 20.000 especies de abejasen eta Felix Viscarreten No mires a los ojosen. Edo Paul Urkijoren Irati lan mugarik gabekoan…

Bale ba, hor duzu bere lan ibilbidea laburbildua. Baina Nerearen curriculuma ez da izkribu honen mamia. Beste kontu baten berri eman nahi dizuet: Donostiako Beldurrezko Astean ia oraintxe estreinatu du Nereak bere lehenbiziko zine proposamena. Berak zuzendua. Bilboko Zinebin hilaren 14an Alondegiko Golemetan ikusgai izango duzuena. Influencer du izena eta Ana Mentxakarekin batera idatzi du Nereak gidoia. Iratin deskubritu dugun Edurne Azkaratek antzezten du protagonista dotorezia ilun batez kontaturiko amesgaizto honetan.

Dir-dir periloso egiten duen kontakizunean, bere idoloaren igual-iguala izatearren, zazpi, zortzi, hamar, hamaika ahaleginetan ibiliko da Karen, beste ezeri erreparatu barik. 12 minutu irauten duen film horren errebuelta batean, gidoiak ezusteko bidea hartuko du eta…

Nerea Torrijosen Instagram profilean (@nerth) sartu orduko, Vimeo plataformara pasako zarete eta iragarki egundokoa ikusiko. Bertan, 'instintuaren eboluzioaz' egiten da mintzo eta irudi. Hara, instintuaren eraldaketaz…. Hain zuzen ere, Edurne, modistilla bilbaínatik Neo Bilbao delako zinema jostunarengana garamanaz.