Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Xixonen Bilbon nola, Eskorbuto eta Hertzainak beti (eta plano sekuentzia zer zen ez zekien zuzendaria…)

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Kamera eskuan, maketa poltsikoan, irabazi zinemaldietan.

Txapela buruan ibili munduan dio esaera zaharrak. Gaurkotu nahi/behar/ahalez gero, zera esan beharko luke: kamera  eskuan, irabazi zinemaldietan…. musikari legendazkoen konpainian.

Horrela dabiltza bai gure zinemagileak, zinema bilkura guztietako podiumera igoz. Egiari zor, gero eta zabalagoa da 'gure' hitzaren kabida, edukiera, izana.  Izan ere, Jugoslavia izena izan zuen lurralde martiri hartako Karla  Crncevicek, mugarik onartzen ez duen egileak, Euskal Zinemaren Sari Handia eskuratu zuen  Zinebin,  Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko  Jaialdi txit famatua eta aitortuan.

Karla Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolaren ikaslea da, eta bi konturen  gainean du kezka handia eta erantzuten saiatzen den galdera pila. Bata, memoria da. Ez ofiziala, baizik eta herriarena. Biak izan daitezke konstrukto hutsak, baina bigarrena  bestea baino gehiago interesatzen zaio.

Aztertzen du bere lanetan jendeak, jende korrienteak, irudia hartzeko erabiltzen dituen tramankuluak eta irudi horien kalitatea ere. Japonian eta Vienan ikasitako Hito Steyerl zinema zuzendari eta pentsalariaren ildotik, Karlaren ustez irudien kalitateak berak gizarte maila markatzen du.

Alderantziz ere, gizarte mailaren arabera, jasotako irudi horiek hobeak edo txarragoak izango dira. Beraz, akatsik gabeko eta goi mailako filmaketa ezin hobeak klasistak gerta daitezke hainbat eta  hainbat une eta gunetan. Muga bat gainditzen saiatzen diren etorkinek edo errefuxiatuek hartutakoek, berriz, inoiz ez dute izango kalitate gorena, baina beraientzat ezkutu antzeko bat izango dira, grabatutako hori testigantza izango den esperantzaz.

Horren inguruan egiten du gogoeta Bilbon saritutako Wild Flowers-ek. Izan ere, Karlaren aita ( kamera bat sekula erabili ez duen langilea) Balkanetako horroreak ezabatu zuen  beren herrira bueltatzen da eta grabatzeari ekiten dio labur horretan. Denon harridurarako zineman inoiz ibilitako gizon arruntak bizirik dirauen lore bat filmatzen du, hondakinen artean!

Bilboko bilera ezinbesteko hartan Donibane Lohizunen jaiotako eta ikasitako Carmen Etcheberryk  Oihartzunak aurkeztu zuen. Bertan etxean lasai eta  kasik gozo den bikote batek garrasiak entzuten ditu kanpoaldean, kalean. Neskak emakume bat bere kontrako biolentzia jasaten ari dela uste du. Bikotekideak ez du horrelakorik pentsatzen. Istorioa 12 minutuko plano sekuentzia garratz eta estu batez da kontatua.

Badakizue, ederki asko jakin ere, egun zoratu egiten garela plano mota horrekin. Ba polita izan zen, polita oso, Carmenek jende aurrean egindako aitorpena: berak ez zekien  plano sekuentzia zer zen baina sentitu zuen kamera hartze bakar batez  kontatu behar zuela  gertaera!!!!

Eta hala kontatu zuen. Bide batez, Carmenek eskerrak eman zizkion Nafarroa Behereko Aldude herrian sortutako Kanaldude telebista baino asko gehiago den ekimenari. Bertakoen bultzarik gabe, Oihartzunak, 12 minututako labur bortitz hori, ez litzateke euskaraz mintzaturik izango. Frantsesez baizik.

Baina Eskorbuto aipatu dugu lerroburuan. Zergatik? Ba, Kolonbiako Theo Montoyak  Bilbon jasotako saria eskertzeko bidal zuen bideoan esan zuenagatik. Theok proposamen artistikoz  gainezka, gainezka ziragarria, egiten duen Anhell 69 gatik irabazi zuen  ZIFF sari nagusia.  Bideoan, zera komentatu zuen: aste latza pasa ondoren, ikur Bilbokoa erregalu zoragarria suertatu zitzaion. Bilbo eta Euskal Herria biziki maite dituelako. Zer dela eta? Sekula ez baitzitzaion Madrilgo 'movida' delakoa gustatu eta bai, bai ordea, Eskorbuto!!!

Xixon aldera ere bidali genuen gure zinema armada, kameraz armaturik. Bertan, epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu zuen Eibarren sustraiak dituen Amat Vallmajor del Pozoren Mision a Marte lan arras, oso zeharo espezial-espezialak.

Elias Querejeta Eskolako ikaslea da, Karla bezala, Gironan jaiotako Amat . Bere zuri-beltzean filmaturiko harrikada estralurtar mamiz beteriko honen soinu bandan, altxor harrigarria aurkituko du ikusle balentak: Hertzainak taldearen aspaldiko kantak. Jende gutxik entzundako batzuk ere, Amaten senideek  maite eta fier gordetako maketa batetik ateratakoak baitira. Izenburururik nahi? Rockanrolla batzokian edo Ta zer ez da berdin…. Gogoan? Bai, huraxe: Rokanrolak ez dit dirurik emanen

Inon baino alaiagoa izanen da
Inon baino alaiagoa izanen da
Noiz joango gara Jamaikara?
Noiz joango gara Jamaikara?
Inon baino alaiagoa izanen da (ta zer ez da berdin)
Noiz joango gara Jamaikara? (ta zer ez da berdin)

Kamera eskuan, maketa poltsikoan, irabazi zinemaldietan.