Itxi

Felipe Etxebarria

iruzkina

Nortzuk dira eta zer bilatzen dute Alemanian atxilotutako kolpistek?

felipe etxebarria

felipe etxebarria

Alemaniako poliziak 25 pertsona atxilotu ditu, ustez Estatu kolpea antolatzen ari zirenak. Gehienak ultraeskuineko erakunde bateko kide dira.

Alemanian poliziak atxilotutako kolpistak "Reicheko Herritarrak" eskuin muturreko mugimenduko kideak dira. Eskuin muturreko ideiak izatez gain, bortxakeriaren aldeko jarrera leporatzen diete.

Nortzuk dira "Reicheko Herritarrak"?

Pertsona bakarrak edo taldeetan antolatuak izan daitezke. Arrazoi ezberdinengatik Alemaniako Errepublika Federalaren izatea eta bere lege sistema ukatzen dute. Zilegitasuna ere ukatzen diete demokratikoki hautatuak izan diren ordezkari publikoei.

Talde honetakoek beren burua indarrean dagoen lege sistematik kanpo ikusten dute. Beraz, Errepublika Federaleko nortasun agiria eta gainerako agiriak gaitzesten dituzte. Horien ordez, beraien agiriak banatzen dituzte, alegia "Reicheko Nortasun Agiria" edo "Gidatzeko Reicheko Baimena". Gainera, zergak eta muga-zergak ordaintzeari uko egiten diote.

Eskuin muturreko ideologia izateaz gain, historiaren berrikuspenaren aldekoak dira eta Hitlerren Nazional Sozialismoarekiko begiko dira. Hori dela eta, Konstituzioa Babesteko Bulegoak "konstituzioaren kontrakotzat" eta "Estatuaren etsaitzat" jo ditu.

Nola daude antolatuta "Reicheko Herritarrak"?

Talde txikietan daude antolatuta, edo sare birtualetan. Elkarteak txikiak eta antolaketa gutxikoak izan daitezke, edo hierarkia zehatzetan antolatutako taldeetan ere egon daitezke. Gainera, "Erbesteratutako gobernua", "Erresumak" edo irudimenez betetako beste izen batzuk har ditzakete; "Germaniako Printzerria", "Alemaniako Errepublika Librea" edo "Alemaniako Herria".

Zenbat kidek osatzen dute mugimendu hau?

Alemania osoan 21.000 lagun inguru dira, Konstituzioaren Babeserako Bulegoak 2021an kaleratutako txostenaren arabera.

Zenbateko arriskua dute "Reicheko Herritarrek"?

Mugimenduak dituen 21.000 lagunetik 2.100 kide bortxakeria erabiltzearen aldekoak omen dira. Beraien artean Covidaren garaian gobernuak hartutako neurrien aurka mehatxuak eta bortizkeria erabili zituztenak daude.

2016ko urrian haien kide batek polizia bat hil zuen eta komando berezi bateko beste hiru zauritu, arma biltegi bat desegitera zihoazenean. Youtuben bidez kideetariko batek politikoak hiltzea ere justifikatzen zuen, erresistitzeko modu beharrezkotzat joz.

Mugimenduak zuen arriskua kontuan izanda, 2021an beren 1.050 kideri arma baimena kendu zieten. Hala ere, poliziaren ustez, oraindik mugimendu honetako beste 500 bat kidek arma baimena dute.

Non jarduten du eskuin muturreko talde honek?

Berlingo Polizia bulegoaren arabera, "Reicheko Herritarrak" Sajonian eta Alemania Hegoaldeko Turingia, Bavaria, eta Baden-Wüttenberg landerretan daude, batik bat.

Nola hedatzen da mugimendu hau?

"Reicheko Herritarrek" haien munduaren ideia Internet bidez zabaltzen dute, horretarako web orrialdeak, sare sozialak eta eztabaida gune propioak erbiliz. Izan ere, Internet bitartez banatzen dituzte euren nortasun agiri alternatiboak, "Reicheko Nortasun Agiria" edo "Reichen Gidatzeko Baimena", diruaren truke.

Beste herrialde batzuetan ere ote daude "Reciheko Herritarrak"?

Nahiz eta talde hau Alemaniako berezitasun bat izan, Berlingo Polizia Bulegoaren arabera, Austrian eta Suitzan ere "Reicheko Herrritarrak" daude, nahiz eta oraindik  Alemaniatik kanpo mugimendu honek duen hedapenari buruzko informazio gutxi dagoen.