Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Arkitekto bat Goya sarietan

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Euskal Herriko emakumeek egindako zinema denen ahotan da, lur honetako zinemaldirik garrantzitsuenetakoek nahi dute beren sailetan eduki.

Bada hamaika kontu ezinbesteko gurean. Komentatzeko. Aipatzeko. Topa egiteko. Zorioneko bilakatzen gaituzten hamaika berri. Eztabaida gorrian murgiltzen gaituztenak. Edo hitz-aspertu patxaroso batean. Badira kontra edo alde jartzen gaituzten gaiak, pelikulak.

Poz-pozean edo amorrutan  bizi gaituzten mila eta bat afera daude beti zeluloidezko multibertsoan. Esaterako, 189 minutu dirauen Babylon hori ba al da azken-aurreko maisu lana edo neurrikeria oparoa, luxuzkoa, bere burua maite-maite duen egile baten mozkorraldi markaz kanpokoa?

Eta zer esan Irango Holy Spider horren inguruan? Bertako serieko hiltzaile baten erretratu horrek izan al luke lortutako oihartzun zabala oinazean bizi den herrialde horretakoa ez balitz?

Zinema kontuetan sekula ez zaude arras seguru. Hobe. Dudatan ibiltzea beti baita aberasgarriagoa. Hala eta guztiz ere, bada planetan inolako zalantzarik sorrarazten ez duen auzi bat: Euskal Herriko emakumeek egindako zinema denen ahotan da, lur honetako zinemaldirik garrantzitsuenetakoek nahi dute beren sailetan eduki.

Jakin duzuenez, otsailaren 16an hasiko den Berlinaleko sail nagusian Estibaliz Urresola Solagurene 20.000 especies de abejas izango da. Lehian. Alta, bere lehen luze horrek (agian, hala izan bedi, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian izango duguna…)  ez dio itzalik egiten fama handiko bere Cuerdas laburrari. Izan ere, sona berezia duen Clermont-Ferrandeko zinema festan ere hautatu dute. Bide batez, Clermont-Ferrand eta pelikulak horrenbeste  laket dituen Donostiako Tabakalera lagun eta konplize  minak dira eta sarri partekatu ohi dute euren programazioa.

Frantzian izan ondoren, Cuerdas-ek Eivissako zinema independentearen bilkurarako bidea hartuko du eta Mediterraneoko irla eder horretako pantailetan bat egingo Iruñeko Punto de Vista bileran estreinaturiko Jone Atenearen Los caballos mueren al amanecer dokumental luze txit harrigarriarekin.

Lehenago, askoz lehenxeago juntatu gintezke Maria Elorzarekin. Non? Bilbon?, Gasteizen? Baionan?  Askoz urrutiago,  Rotterdamen. Larunbat honetan  bertako festibaleko Bright Future (etorkizun distiratsua, hots) izen esanguratsua duen sailean niretzat Donostiakoan ikusi genuen filmik miresgarrienetarikoa izango da ikusgai. Galdu bazenuten, triste egon beharko zenukete pareko gutxi duelako hain alai, hain matxino, hain gozo, literaturarekin, zinemarekin eta bizitzarekin hain sakon maite minetan agertzen zaigun film honek.

Ikusten? Mila afera daude dastatzeko zinemaren munduan. Jakin al zenekiten, kasu, animaziozko pelikula zoragarri eta maltzur askoa den El inspector Sun y la maldición de la viuda negra (aurkitu dituzue bertan maite ditugun Agatha Christieren, Tim Burtonen, Addams familiaren aztarna eta isla) Julio Soto Gurpide nafarrak eginda dela?

Estatu Batuetan zein Europan zehar zuzendari eta ekoizle ibilia den Julioren lana ohore eta ikusmin handiz proiektatu zuten Iruñeko Filmategiak pelikula finalista baita Goya sarietan. Sin ikertzaile eta protagonista aparta ez zen konpainia txarrean izan, ez horixe. Errumanian eta haratago txaloz eta sariz jaso izan duten Amanece la noche más larga (non Turner, Goya eta Bergmanen espirituek dantza egiten duten) proiektatu zuten arrats berean. Nafarrak ditu egileak, Carlos Fernández de Vigo eta Lorena Ares.

Ikusten? Zinemaz hasten gara idazten eta ezin bukatu. Zera, arkitekto bat aipatu dut lerroburuan. Zein? Zergatik?

Secundino Zuazo. Bilbon jaioa 1887an. Eta Madrilen hila 1970an. Donostian sustrai sendoak zituen 'La Argentinita' dantzari famatuaren ondoan da lurperaturik Madrilgo San Isidro kanposantuan, bai bera, bai bere familia bai Argentinita ere, Secundinok sortutako mausoleoetan betiereko lo egiten dutela.

Espainiako Errepublika garaian Zuazok altxatu zituen eraikuntzak eta etxebizitzak baino hoberik eta harrigarriagorik kasik ez zen inon. Inon ez. Frankismoak, nola ez? zigortu zuen krudelki. Egun, bere arkitekturak beste Goya sarietako film finalista baten mundua betetzen du. Are, abiapuntua da. Sostengua. Diskurtsoaren zimendua. Leon Siminianiren Arquitectura emocional-ez ari natzaizue hizketan.

Lepoa jokatuko nuke inoiz inon ikusiz gero, zorabioak hartuko zaituztela amodioa, Historia, istorioak, mapak, planoak eta politika era burlati jator batez nahasten baitu Leonek. Eta soinu banda, nork sortua? Ba, Maite Argoitiajauregirekin batera Irati-gatik finalista den Bilboko Aranzazu Callejak. Non grabatu zuten musika hori? Donostiako Portuetxe kaleko 88an dagoen Elkarlanean estudioan.

Ikusten? Hasten zara zinemaz idazten eta ezin bukatu euskal jenderik planetako bazter guztietan aurkitzen baituzu….