Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Ukrainako gerran zaila, biktimak zenbatzea

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Bidenen administraritzak emandako azken datuen arabera, gutxi gorabehera 100.000 hildako eta zauritu izan dira bai Errusiaren aldean, bai Ukrainaren aldean.

Ukrainako gerrak dagoeneko eragin dituen hildakoen eta zaurituen kopurua zehaztea zaila da, borrokan ari diren aldeek interes handia dutelako norberaren biktimen kopurua minimizatzeko eta etsaiarenak maximizatzeko. Hala ere, Estatu Batuetako informazio iturrien arabera, dagoeneko urte bete iraun duen gerra honetan 200.000 dira hilda edo zauritutako soldadu errusiarren kopurua.

Errusiaren aldetik eraso handi bat gertatzeko mundua zain dagoen  bitartean, Donbasseko frontean azken egunotan eguneko ehundaka hildako gertatu dira. Wagner taldeko mertzenarioez gain, Errusiak gutxi prestatutako soldadugaiak ere bidali ditu frontera; ondorioz, asko bertan hiltzen ari dira.

Baina, begiraleen ustez, indar errusiarren barneko galerek ez dute oraindik lortu Putin  bere helburu militarretatik urruntzen. Errusian ez du ia oposiziorik, eta gainera gerra hau, Munduko Bigarren Gerran bezala, defentsa nazionalak behartuta  gertatzen ari omen denez, jarraitzaile asko ditu. Orduan 8 miloi soldadu errusiar hil ziren. Estatu Batuetako begiraleen ustez, Putinek oraindik ehundaka milaka soldaduen galerak izan arren gerrari eutsi diezaioke. Hala ere, kopuru hori altuegi izango balitz,  barneko babes politikoa galtzen joan daiteke.

Ukrainarren aldeko galerak neurtzea ere zaila da, Kiev ez dagoelako prest hildakoen kopurua argitaratzeko. Hala ere, Ukrainako iturri ofizialek aitortu dutenez, Donbasseko azken borroketan egunero ehundaka hildako eta zauritu izan dira. Infanteri indar prestatuak atzean eta erreserban zain dauden bitartean, txarren prestatutako soldaduak, lurraldeetako unitatekoak frontera bidaltzen dituzte eraso eta bonbardaketa basatienak jasatera.

Bidenen administraritzak emandako azken datuen arabera, gutxi gorabehera 100.000 hildako eta zauritu izan dira bai Errusiaren aldean, bai Ukrainaren aldean. Hala ere iturri pribatuek kopuru hori alde bakoitzeko 120.000ra igo dute.

NATOko iturriek Donbass inguruan benetako sarraskia gertatzen ari dela diote.

Ostera Norvegiako goi mailako militarrek diotenez, Errusiak dagoeneko 180.000 hildako eta zauritu izan ditu. Iturri berberen arabera, Ukrainak, 100.000 galera hildakoen eta zaurituen artean. Gainera 30.000 zibil ukrainar ere hil dira.

Edonola ere, Estatu Batuetako ofizialen arabera, Ukrainako urte beteko gerran zortzi bider galera gehiago izan dira bi hamarkadetan Afganistango gerran Estatu Batuek izan zituztenak baino.