Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Oscarrik irabaziko ez duten irudi-lapurrak

Begoña del Teso

Begoña del Teso

"Hello dankness" da aurtengo Berlinaleko atrebentzia guztietan atrebituena, burutu ziren zinema maltzurkeria guztien artean amarrutsuena, legearen kasik bestaldean geratzen ziren legegabeko zeluloidezko hainbeste ekintzaren artean, delitu handientzat har genezakeen krimena.

Artikulu hau ulertzen zaila izango zaizue zuei eta niri zaila ulertarazten, ez pentsa. Lehengo eta behin, ingelesezko mintzoan aspaldikoa den 'dankness' hitzaren adiera berria harrapatu beharko zenukete, nuke, genuke. Mesedez, ez jo Entziklopedia Britaniarra bezalako hiztegi mardul eta eternaletara. Bertan, esaneko zentzu tradizionala baino ez  duzue aurkituko; 'dank'ek blai eginda eta hotzez zaudenean hezurretan (baita ariman ere) sumatzen dituzun gozotasun falta, ezinegona, hotzikara, bakardadea ere islatzen du. Alta, ederki dakizuen bezala, hitzak ez dira harrizko izaki aldaezinak. Garaien arabera, erabiltzaileen arabera eraldatzen dira; hil eta (ala) berpiztu… Egun, ingelesez 'Dank' eta 'Dankness' hitzen esanahia oso jende gutxik azalduko dizue taxuz baina, nolabait, skaterrek, surflariek, grafitigileek, tribu urbanoek, marihuanaren mota guztiak dastatzen eta desberdintzen iaioak diren erretzaileek esku artean daukaten hori primerakoa dela adierazteko erabiltzen dituzte. Omen. Bide. Agian. Eta olatuak zein asfaltoa, porroak edo birrak primerakoak badira, beraiek dank dank sentitzen dira. Aparretan. Esnetan.

Artikulu hau ulertzeko eta ulertarazteko bigarren exijentzia, zera: derrigorrezkoa Soda Jerk zer arraio ote den jakin/asmatu behar. Badirudi, baina ez egin, otoi, kasu handirik, Antigoalean eta Estatu Batuetan bazirela izozki-dendetan sifoi-ura eta jelatuentzako ziropea zerbitzatzen zituen aprendiza. Soda Jerk deitzen zioten, Sifoi morroia, nahi baduzue…

Konforme? Ados? Nahasi samar? Zerbait entenditzen al duzue? Eta zertara ekartzen ditugu 'Dankness'  eta 'Soda Jerk' hitzak edo adierak zinemaren inguruko pantaila honetara?

Oraintxe ahaleginduko naiz argitzen (edo). Aurtengo Berlinaleko atrebentzia guztietan atrebituena, burutu ziren zinema maltzurkeria guztien artean amarrutsuena, legearen kasik bestaldean geratzen ziren legegabeko zeluloidezko hainbeste ekintzaren artean, delitu handientzat har genezakeen krimena, Soda Jerk izengoitiaz ezagunak diren Australiako anaia-arrebek luzatu ziguten. Inolako erreparorik gabe. Ederki zekiten aurkeztu ziguten hori legez kanpokoa zela, bederen, egun, mundua gobernatzen duen kapitalismoaren arabera. Eta egindako krimenak Hello Dankness zuen izenburu. Ez galdetu zergatik. Ez baitakit.

Soda Jerk biek aspaldian hartu zuten lurra New Yorken. Izan ere, beren jaioterria arrapaladan abandonatu behar izan zuten. Zergatik? Hain zen basa (eta zoragarria) beraiek sinaturiko 2018ko Terror Nullis, umore gazi-gaziaz Australiako mitologia nazionalaz hartutako mendeku hura, ezen 'Australiaren aurkako pelikula'tzat jo zuten  epaitegietan eta kristoren isuna ordainarazi  nahi zieten. Ihes egin zuten, beren antzeko beste piraten laguntzaz.

Soda Jerk erabateko ekintzaileak dira. Ez dute gehiegi sinesten jabetza pribatuan. Ez dituzte ontzat hartzen egile-eskubideak. Batik bat, askotan egile horien eskubide horiek ekoizleek eta korporazio erraldoiek zanpatu eta bereganatu izan dituztelako. 

Dan eta Dominique Angeloro anai-arreben ideologian ez dago inolako dudarik: filmak jabetza publikoa dira. Denok daukagu eskubide bera. Eta ez bakarrik ikusteko. Baita erabiltzeko ere. Ukatzen digutela? Kezka gutxi,  hartuko ditugu irudiak, hartuko ditugu audioak  eta nahi dugun erara  moldatuko.

Hori egin berri dute aurtengo Berlingo zinemaldian estreinatu zen 'Hello Dankness' horretan. Aurretik existitzen ziren 300 filmen eta telesailen irudiak eta 250 audio pieza harrapatu, eta igualik ez duen jostun maltzur eta balent bati dagokion trebeziaz, beste pelikula bat sortu.

Ez pentsa kopia-pega bat baino ez denik. Ez. Bada bestelako zerbait. Bada egile biren ofizioa, sormenerako dohaina. Bada mezu bat helarazteko premia. Bada lo zorroan den jendea esnatzeko urgentzia. Bada zinema  benetakoa, lapurreta horretan.

Estreinaldi osteko solasaldi kasik klandestinoan galdetu zieten ea irudi horiek erabiltzeko dolar bat sikiera pagatu ote zuten. Ezezkoa izan zen erantzuna. Ez zuten ordaindu eta ez dute ordainduko.

Hello Dankness, Berlinalen denok, gustu handiz, egindako deliturik... bihurriena. Baina ez pentsa komedia eroa denik. Ez. Aldarrikapen politikoa eta soziala dugu.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Begoña del Teso