Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Laino, behe-laino, mendebal-laino, izar-laino, mendi-laino, arrasta-laino, arraxina-laino… Zinema-laino!

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Bai, Cannesen lainorik ez. Gurenenean eta gure zeluloidezko barne paisaian, aitzitik, laino-jatsi, laino-koska, laino-narras, zinema-laino maitatua…

Aurrera doa Canneseko Zinemaldia, gureek setiatu duten zinema festa-merkatu-azoka-erakusleiho-ametsetako eta amesgaiztoko fabrika. Han desira guztiak bete ahal izaten dira eta aldi berean…zapuztu. Ez tristatu, otoi, euskal zinemagileek, programatzaileek, jaialdi zuzendariek, ekoizleek, saltzaileek zein erosleek ez dute atzera pausorik eman Kostalde Urdinean. Ezta abiada hartzeko ere.

Bihar, ostirala 18an, Merkatuan ireki berri den Fantastic Pavillion, non planeta honetako beldurrezko zinemaldirik garrantzitsuek ospatzen dituzten bere akelarre zeluloidezkoak, Euskal Fantasiaren gaineko mahai inguru/mintegi/topaketa egingo da, Paul Urkijo banderadun hautaturik.  21ean, aldiz, txanda egokituko zaio Euskal Herrian eta hemengo jendearekin Carlota Peredak filmaturiko La ermitari. Lehenbiziko irudiak dastatuko dituzte gonbidatuek. Egun berean, La Croisetteren beste puntan, Espace Miramar delakoan, Irati Gorostidik Contadores defendatuko du La Semaine de la Critique sailean, mugarik onartzen ez duten epaile, ikusle eta aukeratzaileen aurrean. Ordurako, Alex de la Iglesiaren 30 monedas telesailaren bigarren denboraldiaren berri izango dute zorioneko hainbatek. Igandean, Bilboko Zinebi jaialdiak  babestu egingo du, munduko zenbait zinema programatzaileren aurrean eta Gijongo zine festarekin konplizitate erabatekoan, etorkizun handiko bi proiektu, horietako bat ere, Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian kasik irabazi zuen Cabeza y corazón lan berealdikoa aurrera atera zuen Doxa ekoiztetxearen azken-aurreko atrebentzia, bai eta balentria ere, Larraitz Zuazoren Itoiz, Udako Sesioak…. Asteartean, jai: festa itzel baterako jaso dugu gonbita, Zinebik berak antolatua…

Ez, Kosta Urdinean eta Montecarloraino dauden ziento bat kurbetan ez ohi da lainorik. Ez behe-lainorik, ez mendebalde-lainorik. Inguruotan zaudela, zera ematen du, goizeko seietan-edo, norbaitek, zerbaitek, jainkok, jainkosak, deabruk, demoniok, piztiak, auskalo zeren/noren esklabo batek eguzkia pizten du eta  zeruan iltzatu. Gaueko hamarrak pasatuta, berriz,  beste auskalo nork/zerk/berorrek itzali egingo du.

Ez, normalean, Itsas Alpeetatik ere ez da lainorik jaisten, ez du hondartzetako harea bustitzen, ez du inor, ezer mehatxatzen. Ez, han ezer gutxi balioko lukete, Euskaltzaindiaren Hiztegi Orotarikoan klik azkar eta bakar batez aurkitzeko hain errazak diren laino hitzaren gaineko 527 sarrera ezberdinek.

Alta, zer litzateke zinema lainorik pe? Horretaz egin genuen batzuek hitz –ez-aspertu eta lainotsu bat bi filmek bultzaturik, bi lan interesgarriren eraginpean. Zeintzuk ote? Bilboko FANTen ikusi genuen Aitzol Saratxagaren Lanbroa film laburra eta gure etxe ondoko hainbat zinema ez hain korrientetan eskaintzen duten Martin Scorsesek ekoizturiko Joanna Hoggen The Eternal Daughter, bertan Tilda Swintonek paper bikoitza egiten duelarik, alabarena eta amarena.

Bietan, lainoa paisaia, lainoa protagonista, lainoa mehatxua.

Aitzol Saratxagak ederki erabiltzen du euskal mendi/soro/oihan/landa/baserriko  ikonografia eta iruditeria beldurrezko lan onetan hezurretaraino sartzen zaigun izu heze bera sumatu dezagun. Eta ez darabil bakar-bakarrik euskal plastika bisuala, baizik eta pelikuletan eta urteetan zehar gure egin dugun nazioarteko, infernuarteko hori: etxola isolatu batean bizi zara, aspaldian amore emandako aitaren konpainian. Basoa hor dago, kanpoan. Beti zelatan, beti erne, erasoa prestatzen… Aitzol ez da, inolaz ere, hasiberri bat. Eskarmentu primerakoa du, aitzitik. 20.000 especies de abejas, Cinco lobitos edo  Imanol Ortiz Lopezek zuzendutako Alumbramiento (Bilboko FANTen ikara eta ausardia handiko  beste sorpresa bat) bezalako proposamenetan da lan egina.

The Eternal Daughterrek, berriz, estu eta galant heltzen dio ipuin gotiko onenei dagozkien estiloari, erritmoari. Hor nonbait existitzen (bide) den mundu horretatik urrun/at dagoen hotel batean, minez den emakume batek aurkitzen du aterpe. Kanpoan, lainoak besarkaturiko jardina. Barrualdean, desolamendua…

Bai, Cannesen lainorik ez. Gurenenean eta gure zeluloidezko barne paisaian, aitzitik, laino-jatsi, laino-koska, laino-narras, zinema-laino maitatua…