Gasteizko jaiak
Andre Maria Zuria 2012
Gasteizko jaiak 'lasaiak' izan dira eta turisten kopurua % 10 hazi da
Erredakzioa
Aurten iaz baino salaketa gehiago egin dira, %30 gehiago, batez ere goi-mailako sakelako telefonoen lapurreten ondorioz.
-
Zeledonek aterki berdea eraman du aurten, Gasteizko Green Capital tituluaren omenez. Efe.
Gasteizko Udalak 2012ko Andre Maria Zuriaren jaien balantzea egin du, kaiak "lasaiak eta seguruak" izan direla adierazita. Turisten kopuruak ere gora egin duela azpimarratu dute, % 10, guztira 5.535 kanpotar hartu baitituzte.
Jaien balantzea aurkezteko prentsaurrekoa eman dute Idoia Garmendia alkateordeak eta Encina Serrano Kultura eta Jaien zinegotziak.
Jende gehien erakarri dituzten ekitaldiak Foru Plazako kontzertuak (55.000 pertsona), Zeledonen jaitsiera eta igoera (80.000 pertsonatik gora bi ekitaldietan), Espainiako Plazako berbenak (40.000 pertsona), Prado parkeko haurrentzako abenturagunea (35.000 pertsona) eta su artifizialak izan dira.
Salatutako delitu kopuruari dagokionez, 577 salaketa izan dira, iaz baino % 30 gehiago (2011n 415 salaketa egin ziren). Udaltzaingoaren ustez, igoera hori goi-mailako mobilen lapurretengatik izan da, %115 igo baitira.
Turista gehiago
Turismoaren datuak ere eman ditu alkateordeak. Garmendiaren hitzetan, eguraldi onak eta Green capital izendapenak jendea erakarri dute Gasteizera, 5.535 bisitari, hain zuzen, 2011n baino % 10 gehiago.
Bisitari gehien astelehenean, abuztuak 6, zenbatu zituzten; 1.125 pertsona. Abuztuaren 5a, igandea, izan zen bisitari gehien izan ziren bigarren eguna, 1005 turista. Bisitarien jatorriari dagokionez, Euskadikoak (% 34), Kataluniakoak (% 19), Madrilekoak (% 15,3) eta Valentziakoak (% 10,1) ziren.