Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Ez tabakorik, ez animalien kontrako bortxakeriarik, ez AAk garaturiko irudirik

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Sarri (benetan diotsuet) pelikula bera bezain dastagarri eta harrigarriak dira kredituak.

Gero eta luzeagoak, gero eta garrantzitsuagoak, gero eta mamitsuagoak, gero eta  esanguratsuagoak, gero eta aldarrikapen sutsuagoz kargaturik ari dira agertzen pantailan pelikulen bukaerako kreditu tituluak.

Denbora franko bada, soinu banda amaitzen ari zela eta argia piztear, Estatu Batuetako Animalien Aldeko Elkarteak zin egiten zuen, bere zigilu ofizialez baieztatuz: pelikula honetan animalia batek ere (gizakiak ez dira kontuan hartzen), piztia batek ere, munstro benetako batek ere ez zituen, ez ditu, tratu txarrak jasan, nozitu, pairatu.

Ikusleak aterantz zihoazelarik, beste esaera batek ematen zien atentzioa, Estatu Batuetako Tabakoaren Kontrako erakundeak pelikulan inork ez zuela (duela) zigarretarik erre eta zigarretarik ez zela (dela) ikusi pantailan ziurtatzen zuen letra txiki-handitan.

Oraingo mundu, mende, milurteko kasik berrian beste mota bateko oharrak azaltzen dira pantailan, gogor eta gogoz aldarrikatuz film horretako irudi bat ere ez dela Adimen Artifizialaren bidez sortua izan. Horixe  azken-aurreko berrikuntza amaierako tituluetan. Azken-hirugarrena, berriz, intimitate-koordinatzailearena izan zen.

Intimitate-koordinatzailea!!!?? Bai, Euskal film labur askotan ere agerian, begi-bistan geratzen den ofizio, lanpostu, eginbehar gaurko-gaurkoa, Me Too borrokak, zinema munduan izandako hamaika eskandalu sexualek eta emakumezko aktoreen kezkak  eraginiko erantzukizun handiko lana; eginkizun moderno horren ardura hartuko duenak arreta handiz kontrolatu beharko du aktoreen erosotasuna, lasaitasuna, gidoiak, planifikazioak, eszenaratzeak muturreraino eramandako plano edo sekuentzietan. Ez bakarrik sexu kontuetan. Baita , kasurako, gore generoko filmetan gertatzen diren (gezurrezko) sarraskiak, triskantza faltsuak islatzen dituzten horietan ere. Pertsonaiak berak, bere egoerak, istorioari dagokiola, antzezlearen buru-osasuna kolokan jartzen dutenetan ere bai.

Eta ez pentsa, nahiz eta emakumeak izan exijentzia hori mahai gainean jarri zutenak, gizonezkoak ere babesten ditu intimacy coordinator izeneko profesionalak. Har ezazue etsenplu, hain ausarta, hain homoerotikoa, hain alkoholez, sexuz, drogaz eta herioz gainezka den Guadagninoren Queer hori, Mexikoko sargoriak harrapaturiko drama hezea non emakumerik ez dagoen, non Daniel Craigek eta Drew Staarkeyek filmaren zama osoa sostengatzen duten. Bertan lanean eta bertako kreditu titulutan aipatua, Luisa Lazzaro. Lanpostua berri samarra bada ere, beste bi ekoizpen sekulakotan da parte hartua Luisa, Ferrarin eta Parthenopen.

Bada, egun, aktore makina bat, sinatzen dituen kontratuetan intimitate eragilearen presentzia exijitzen duena. Hain da inportantea lan hori ze kasu askotan pertsona bakar baten  ardura ez den. Kreditu tituluei erreparatuz gero, sarri aurkituko duzue intimitate-ekoizlerik ere, intimitate-koordinatzaileak behar duenaz arduratzen dena, alegia.

Askoz berriagoa da film honek ez du Adimen Artifizialak garaturiko irudirik aldarrikatzen duen, ziurtatzen duen, testu motz hori, baina behin baino gehiagotan irakurri izan dugu azkenaldi honetan pantailan. Hemen urguilu puntu bat da nabarmen –nabarmena, pelikula hori gizakiok amestu eta gizakiok  sortu dugu adierazi nahi digute egileek, nik uste. Bestalde, informazio nahitaezkoa da guretzat, ikusleontzat. Ez dut nik kasik ezer Adimen Artfizialak sorturiko zinema pusken kontra ( badira horien gaineko kongresuak, mintegiak,  zinemaldiak, eztabaida-lekuak) baina jakitun nahi dugu izan. Noiz da pelikula gu bezalako gizon-emakumezkoek egina eta noiz guk, gizatiarrok, elikaturiko AAk?

Askotan idatzi dizuedana, informazio adierazgarria oso dakarte kreditu tituluek, izan gaitezen erne, adi. Sarri (benetan diotsuet) pelikula bera bezain dastagarri eta harrigarriak dira.