Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Ekar iezazkidazu zaldi hutsak, Donald!

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Ez, Trump jauna, ez; sekula ez da izan Hollywood estatubatuarren kontua. Pentsa ezazu Donostian jaiotako emakume fin batek ere hantxe izan zuela arrakasta sekulakoa, Conchita Montenegrok.

Bilboko FANTastikorako bidean geundela iritsi zen berria, New Yorkeko Burtsa ireki aurretik ere, galera nahiko gogorrak izanak ziren zinema eta ikus-entzunezko unibertsoarekin zerikusi franko, garrantzi handia eta eragin egundokoa dituzten hainbat eta hainbat enpresatan. Wall Streeteko eragiketak hasi orduko, Netflixek,% 4 zuen galdua. Disneyek, berriz, % 3. % 0,8 jaitsi ziren Warner Bros Discoveryren akzioak, eta % 1,1 Paramont Globalekoak. Concastenek, zeluloidezko munstro lehenak sortu zituen Universal Picturesen jabearenek, ez zuten hain behera egin baina % 0,12 gutxiago balio zuten Wall Streeten, maiatzaren 4 hartan.

Zergatik? Kulpante bat bilatu nahiz gero, erraza  aurkitzea: betikoa, ohikoa: arbasoak Eskoziakoak zein Alemaniakoak dituen Donald John Trump. Bera zen jaitsiera ikaragarri horren erruduna; bera eta bere muga-zergako politika deabrutua.

Aurreko arratsaldean zera emana zuen aditzera: Estatu Batuetatik at, kanpoan, egingo diren zinema eta ikus-entzunezko produktu orok % 100eko  muga-zerga pagatu beharko lukete aurrerantzean. Presidenteak bertako produkzioa babestu nahi omen zuen (bere erara). Nola? Ba ekoiztetxe guztiak herrialdean, Texasen zein Iowan, Floridan bezala Wisconsin ere filmatzera behartuz. Are gehiago, ez bide ziren ongi etorriak izango planetako beste lurretatik etorritako zuzendariak, gidoigileak, teknikariak…

Gaurko mundu globalean erabaki hori aurrera eramatea ezinezko dela denok (Trumpek izan ezik) badakite, badakigu. Nahikoa dugu edozein filmen bukaerako kreditu tituluak arretaz errepasatzea ondorio zehatz eta jakin batera iristeko: Hollywoodekoak direla pentsatzen dugun pelikula gehienak ez dira Estatu Batuetan filmatu, nahiz eta gidoiak esan eta irudiek kasik baieztatu Los Angelesen, Kansasen edo Atlanta hegoaldean gaudela. Film txikienak ere Hungarian, Eslovakian, Marokon edo  Dominikar Errepublikan dira eginak. Baita Kanadan ere. Eta Zeelanda Berrian.

Zergatik? Gero eta garestiagoa delako Estatu Batuetan filmatzea. Zergak direla, ordaindu beharreko tasak direla, teknikarien soldatak direla. Kontuan hartu behar da, gainera, ez dela batere merkea eraikin oso bat alokatzea zure kontakizunaren paisaia modua erabili nahi edo behar duzulako. Kontuan hartu zaila dela Los Angeles bezalako hiri baten trafikoa geldiaraztea ere, eszena batzuk errodatzeko…

Baina hori ez da bartko auzia. Aspaldi zaharretik filmatzen dira pelikulak munduan barna, baldintza hobeak lortu nahian. Ez ahaztu Zhivago doktorea Espainiako Segovian izan zela  kokatua… Horixe zinemaren magia eta bertan lan egiten dutenen dohaina, Arabiako Lawrence ari zara ikusten eta sekula ez zenuke esango Almerian eta Sevilla zaudenik…

Tokiko jendearekin filmatzeko exijentzia hori ere putzontzi bati baino ez litzaioke otuko. Hollywoodeko irudi hilezina sortu zutenetako gutxi, oso  gutxi, izan ziren bertakoak. Ia gehienak Europatik ziren etorriak: Chaplin, Fritz Lang, Lubitsch, Billy Wilder, Joseph von Stenberg, Greta  Garbo, Marlene Dietrich… Badirudi Trumpi ahaztu zaiola. Egia esatearren, ez dut uste sekula jakin izan duenik, nahiz eta bera ere migrante batzuen ondorengoa izan.

Artikulu honen goiburuak komentatutako hori guztia nahi du islatu. Ezaguna da pasadizoa. Michael Curtiz zuzendaria ari zen The Charge of the Light Brigade filmatzen. Egun, Estatu Batuen gainean  dugun iruditeria hori sorrarazten lagundu zuen Curtiz Budapesten zen jaioa eta Manó Kertész Kaminer zuen izen benetakoa. Hollywoodera iritsi zenean tutik ere ez zuen egiten ingelesez. Pelikularen eszena baterako nahi zuen zaldikorik gabeko zaldi mordo bat. Borrokan ziren heroiak, guda zelaian. Batzuk ziren ordurako eroriak eta zaldiak hor zebiltzan, noraezean. Curtizek ez zuen ingelesezko hitzak  hori guztia azaltzeko, eta soilik  goiko esaldi traketsa atera zitzaion: 'Ekar iezaizkidazue zaldiak… hutsak' (Bring on the empty horses).

Ez, Trump jauna, ez; sekula ez da izan Hollywood estatubatuarren kontua. Pentsa ezazu Donostian jaiotako emakume fin batek ere hantxe izan zuela arrakasta sekulakoa, Conchita Montenegrok. Pentsa ezazu gaur hantxe dagoela Euskal Herrian La ermita zuzendu zuen Carlota Pereda, XYZ Films ekoiztetxerako The Normal Edge filmatzen. Ez, presidente jauna, ezingo duzu Hollywood Hollywooden giltzapetu. Eta ezingo duzu zinema bertako odol-garbidunekin (halakorik balego) bakarrik egin…

Hain gara globalak ezen Wall Streeten kontatutakoa pasatzen zen une berean, Bilboko Fanten Eneko Muruzabalek  bai Donostian bai Alhondigan erakutsitako Planetatik bere laburra non eta Renon ere izango zela ikusgai garri baitzuen agertokian. Hain gara globalak ze, Sepulveda anaien Idilia (FANTeko sail nagusiko proposamen ausarta) segituan izango den New Yorkeko zinemaldian. Bertan, bide batez, 400 inguru film izan ziren hautagai. Hiru bakarrik ez dute aukeratu, horietako bat… Idilia.

Ekarri iezaizkiguzue zaldi huts horiek  eta..Go!azen lauhazka bizian! Hollywoodera, Hollywoodetik.