Bake prozesua -
Bake prozesua
'Positiboa da Powell bezalako nazioarteko aditu baten bisita'
Powell aste honetan bertan iritsiko da Martin McGuiness Ipar Irlandako ministroorde nagusiarekin, ETAren desarmeak bizi duen geldialdia ikusita, zenbait elkarrizketa politiko izateko.
Erredakzioa
Jonathan Powell bitartekari britainiarra asteazkenean Bilbora etorriko dela jakinda, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du "positiboa" dela "nazioarteko aditu bat Euskadira etortzea".
Powell Martin McGuinness Ipar Irlandako ministroorde nagusi eta Sinn Feinneko arduradunarekin iritsiko da Bilbora, ETAren desarmeak bizi duen geldialdia ikusita, zenbait elkarrizketa politiko izateko.
Erkorekak kazetarien galderei erantzuteko hitz egin du Powellen bisitaz, EHUko udako ikastaro baten atarian, Donostian.
Jaurlaritzako bozeramaileak gogora ekarri du Powellek "Euskadi eta bere berezitasunak" ezagutzen dituela, "bakegintzan dauzkagun erronkak aurrera ateratzeko".
"Bake eta bizikidetza atzeraezinak"
Gauzak horrela, Powellen bisita "ondo hartu behar dela" azpimarratu du Erkorekak, "haren hausnarketen bidez, Irlandak aurkitutako bidea Euskadin abiarazteko eta behin betiko eta atzerapenik gabeko bakea eta bizikidetza lortzeko".
Hala ere, Powellek Euskadira etortzeko duen arrazoi "zehatza" zein den ez dakiela esan du, eta bisita hori "geldialdia konfirmatzeko bakarrik" bada, "ospatzeko askorik" ez dagoela adierazi du.