Bake prozesua -

Bake-prozesua

Hur Gorostiaga: 'Gatazka armatuaren ondorioak gainditu gabe daude'

Seaskako zuzendariak alde nabarmenak ikusten ditu bake-prozesuaren egoerari dagokionez: Iparraldean subiranotasunaren eztabaida piztu den bitartean, Hego Euskal Herrian ez da aldaketarik izan.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak alde nabarmenak ikusten ditu bake-prozesuaren osasun egoerari dagokionez: Iparraldean subiranotasunaren eztabaida piztu den bitartean, Hego Euskal Herrian ez dela aldaketarik izan azpimarratu du. Hona hemen horren gogoetak:

Nola gogoratzen duzu iragarpenaren eguna? Zein izan zen egun horretako lehenengo gogoeta?

Aieteko Konferentziaren ondoren espero zen ekimena izan zen, esperantza sortu zuen gertakizuna, ondoko aste eta hilabeteetan gauzak ezberdin izanen ziren sentsazioa, hortik aitzina dena posible izanen zenaren sentimendua. Azken urteetan sekulan gatazka politikorik zegoenik ukatzen zutenek eta borroka armatuaren atzean gorde ziren eragile politikoek gatazka politikoari heldu eta bakerako urratsak emanen zuten itxaropena. Eztabaida politikorako oztopo nagusia omen zen hori desagerturik, eztabaida bide demokratikoetatik soilik garatuko zen hortik aitzina.

Hiru urte igaro direnean, zein da prozesuaren osasun egoera? Espero zenituen urratsak eman al dira hiru urte hauetan?

Hiru urte igaro ondoren, Hego  Euskal Herrian egoera berdinean gaudela iduritzen zait. ETAk eman urratsaren ondotik ez da besterik izan. Gatazka armatuaren ondorioak oraindik gainditu gabe daude (presoak, alde guzietako biktimen aitorpena, torturen inguruko inpunitatea eta egiaren batzorderik eza…), eta horretan ezin aitzinatuz, inportanteena ez da aurreratu: herri honetan dagoen gatazka politikoari aterabidea ematea. Burujabetasunari buruzko eztabaida anitz aitzinatu da Katalunian; Hego Euskal Herrian, guti.

Ipar Euskal Herrian egoera arrunt ezberdin ikusten dut. Hiru urte hauetan hitza askatu da, gatazka armatuaren oihalaren atzean, errealitate politiko gordina agertu da. Aro berri bat ireki da Ipar Euskal Herrian, instituzionalizazioaren eztabaidaren inguruan. Azken finean burujabetzaren eztabaida zabaldu da Ipar Euskal Herrian, euskaldunek beren geroaz erabakitzeko eskubidea eta horretarako tresna ukan beharra.

Etorkizunari begira, zer espero duzu? Nolakoa izango da prozesu honen bilakera?

Ipar Euskal Herrian eragile sozial eta polikoen artean, ezberdinen arteko sekulako elkarlana egin da eta horrek bere fruituak emanen ditu. Frantziar Estatuak instituzionalizazioaren gaiari buruz erantzun bat eman beharko du bai ala bai. Hegoaldean ere gai horri eutsi beharko zaio. Eta ildo horretan aitzina egin ahala mugituko da Espainiar Estatua, aitzineko aroko gatazkaren ondorioen konponketan ere. Burujabetasunaren eztabaida aitzinatuz bat, prozesuak aitzina eginen du. Zentzu horretan, Gure Esku Dago ekimenari segida bat eman behar zaio, egun bateko edo besteko ekimen ikusgarria izan gabe, Euskal Herriaren bilakaera instituzionalari buruz gogoeta bultzatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea berriak ETA albisteak