Bake prozesua -

Bake-prozesua

Monika Hernando: 'Orain dela hiru urte baino askoz hobeto gaude'

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria Jaurlaritzatik ari da bake-prozesua jarraitzen, eta etorkizunari begira oso baikorra da.

I.G. - I.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bake-prozesuaz asko daki Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak. Azken urteotako urratsak barrutik jarraitu ditu eta, hortaz, garrantzitsua da Monika Hernandoren iritzia ere jasotzea. Hiru urteren ondoren, "askoz hobeto" gaudela azpimarratzeaz gain, oraindik egiteko asko dagoela azpimarratu du.

- Nola gogoratzen duzu iragarpenaren eguna? Zein izan zen egun horretan izan zenuen lehenengo gogoeta?

Egun arrunt bat bezala gogoratzen dut egun hura. Garai hartan, gobernuz kanpoko erakunde batean ari nintzen lanean, giza eskubideen eta bakearen kultura alorreko arduradun modura. Lantokitik aterata, beti bezala, seme-alaben bila joan nintzen, eta, eskolaz kanpokoak, etxeko lanak… egunerokoa. Uste dut denon ametsetan, nirean bai bahintzat, egun hori ospakizun-egun batekin lotzen genuela guztiok. Halere, "ospakizuna neurtua" izan zen. Poza sentitu nuen, baina neurtutakoa edo zuhurra, eta oraingoa betikoa izango zela sentitzen nuen arren, zalantzarako izpi bat ere hor egon zen. Mezu asko jaso eta partekatu nituen, elkarrizketak ere izan nituen, eta besarkada bakarren bat ere bai…

- Hiru urte igaro direnean, zein da prozesuaren osasun egoera? Espero zenituen urratsak eman al dira hiru urte hauetan?

Atzerabueltarik ez duen puntu batean gaude. Bakean bizi den Euskadi baterantz goaz; bizikidetzan eta errespetuan oinarrituta, denontzako lekua duen Euskadi baterantz. Horregatik, nire aurreikuspenak bete dira. Atzera begiratuz gero, duela hiru urte baino askoz hobeto gaude. Noski, asko dago egiteko, eta bidea luzea da. Batzuek, oraindik, urrats garrantzitsuak eman behar dituzte, eta lehenbailehen ematea espero dut. Aurrera egin dugu. Hori ukaezina da.

Gizarteak ekimena hartu eta normalizaziorantz pausoak ematen jarraitu behar du, politikariei aurrea hartuta. Emateko geratzen diren urratsak ahalbidetuko ditu horrek, nire ustean. Batez ere, armagabetzeari, ETAren desagertzeari eta biktimen aitortzari buruz ari naiz, eta espetxe-politikan ezarrita dauden salbuespen politikak desagertzeari buruz.

- Etorkizunari begira, zer espero duzu? Nolakoa izango da prozesu honen bilakaera?

Ziur naiz etorkizun ez oso urrunean giza eskubideen errespetuan elkarrekin bizitzeko gai izango garela. Elkartze hori ez da soilik etorkizunera begirakoa izango; herri honetan azken 55 urteotan izan diren giza eskubideen urraketei begirako elkartze bat ere izango da; autokritika egin eta alde bakoitzak eragindako min bidegabearen erreparazioa eta aitortza eginda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA