Bake prozesua -
Memoriaren Institutua
Ezenarro: 'Biktimarik ez dugu baztertu behar oroimena eraikitzean'
Uztailaren 1ean hasiko da lanean Gogora, Memoriaren Institutua, Bilboko Artxibategi Historikoaren hirugarren solairuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak uztailaren 1ean lanean hasiko den organoaren mugak zehaztu ditu gaur: “Biktimarik ez baztertzea, gertaera ezberdinak ez parekatzea eta indarkeria eta ekimen terroristak ez justifikatzea”. Uztailaren 1ean hasiko da lanean Gogora (hitz hori izango da institutu horren logotipoa eta izendapen laburra), Bilboko Artxibategi Historikoaren hirugarren solairuan.
Gaur jaio da, Iñigo Urkullu lehendakaria izango du presidente eta Aintzane Ezenarro zuzendari, 550.000 euroko aurrekontua izango du aurten, eta sei pertsonak egingo dute lan bertan.
Institutuari Gogora izena zergatik jarri dioten azaldu du gaurko agerraldian Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak: “Zer izan nahi duen hoberen adierazten duen hitza da, institutuaren espiritua ondo laburbiltzen du Gogora hitzak”.
Legebiltzarrean babes handiena jaso duen egitasmoa dela eta horrek oinarri “sendoa” emango diola esan du Ezenarro zuzendariak.
“Sentsibilitate politiko ezberdinek babesa eman diote iraganari modu kritiko eta partekatuan begiratzeko ekimen honi, eta horrek indartsu egiten du Institutua”, adierazi du.
Gogora Institutuko zuzendaritza batzordea ez dute osatuko Aldundiak eta Eudelek euren ordezkariak aukeratu arte. Guztira Jaurlaritzako 14 ordezkarik eta tokiko erakundeetako 13 kidek osatuko dute.
Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak erakunde autonomo horrek hiru zerbitzu ematea proposatu du: kudeaketa-zerbitzua, ikerketa- eta artxibo-zerbitzua eta dibulgazio-zerbitzua (alderdi dibulgatiboaz, pedagogikoaz eta erakusketez arduratuko da).
Aurreneko bileran, zuzendaritza batzordeak Institutuaren estatutuak onartuko ditu, eta inaugurazio ofiziala azaroaren 10ean egitea aurreikusi dute. Institutuaren zuzendariaz gain sei lagunez osatutako talde batekin hasiko da lanean, eta bigarren fasean, langile-taldea 12 lagunekoa izatera irits daiteke.