Politika -
Aldaketak
EBBko presidentea nola aukeratu erabakiko du gaur EAJk
Aberri Batzarreko kideek bi aukeren artean erabaki beharko dute: zuzenean Andoni Ortuzar presidente izendatzea edo alderdi barruko hauteskundeak deitzea.
EAJko Aberri Batzarra elkartuko da gaur, Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea aukeratzeko modua erabakitzeko: zuzenean Andoni Ortuzar presidente izendatzea edo alderdi barruko hauteskundeak deitzea. Bilera 19:30ean hasiko da.
Iñigo Urkulluren ordezkoa aukeratu behar dute jeltzaleek, alderdia gidatzeko. Aberri Batzarreko kideek barne hauteskundeak deitzea erabakitzen badute, atzeratu egingo da Euzkadi Buru Batzarreko presidentea aukeratzeko prozesua; izan ere, afiliatuei galdetu eta hauteskundeak egin beharko lirateke.
Larunbatean Gernikan kargu berriaren zina egin eta berehala egin zion uko EAJren EBBko presidente izateari.
Euzkadi Buru Batzarrak astelehenean erabaki zuen gaur ezohiko Aberri Batzarra egitea, Urkulluren ordezkoa izendatzeko prozesua zehazteko.
Urkullu lehendakari izendatu ostean, alderdiko burua aukeratu beharra dagoela adieraziko die EBBk Aberri Batzarreko kideei gaurko bileran. Aginte organoak EAJko presidente berria aukeratzeko prozesuaren gainean erabakia hartu beharko du.
Aberri Batzarrak bi aukeren artean erabaki beharko du. Lehenengo aukera alderdi barruko hauteskundeak deitzea da, eta bigarrena, Euskadi Buru Batzarreko kide bat zuzenean presidente izendatzea.
Bigarren Aberri Batzarra
EAJko kideek Urkulluren ordezkoa Euzkadi Buru Batzarreko kide bat izatea erabakitzen badute, bigarren Aberri Batzar bat deitu beharko dute. Antza denez, urtarrilaren 12an izango litzateke bigarren bilera hori, eta bertan kideek presidentegaiaren alde edo kontra bozkatu beharko dute.