Politika -

Aurrekontuak 2013

Gipuzkoako akordioak ez du argitzen aurrekontuetarako itunen agertokia

Bilduk eta PSEk Gipuzkoan lortutako akordioak ez da zertan Legebiltzarrean errepikapenik izan behar, alderdiek argitu dutenez. Araban EAJk izandako jarrerak kolokan jar ditzake Bizkaiko aurrekontuak.

Laura Mintegi eta Iñigo Urkullu
Laura Mintegi eta Iñigo Urkullu
Gipuzkoako akordioak ez du argitzen aurrekontuetarako itunen agertokia

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak aitortu du EAJk zailtasunak izango dituela proiektuak aurrera ateratzeko Legebiltzarrean gutxiengoan egonda, baina "jarrerak lehenbailehen aldatzeko eta akordioak lortzeko lan'' egingo duela berretsi du EITBn eskaini duen elkarrizketa batean.

Jaurlaritzaren 2013ko aurrekontuak eztabaidatzerako orduan Gipuzkoan Bilduk eta PSE-EEk lortutako akordioa berriz errepikatuko ote den galdetu diete gaur bi alderdiei, eta biek ere lehendakariak zer aurkeztuko zain daudela azaldu dute.

Laura Mintegi Jaurlaritzako EH Bilduko bozeramaileak aditzera eman duenez, 2013rako Aurrekontuek diru-laguntzak mantentzeko eta murrizketen aurreko egoerara itzultzeko asmorik agertzen ez badute, "EH Bilduren babesa nekez lortuko dute".

Legebiltzarrean emandako prentsaurrekoan, Mintegik argi utzi nahi izan du PSE-EErekin Gipuzkoako aurrekontuak onartzeko egindako akordioak ez duela zertan Legebiltzarrean jarraipenik izan behar, koalizio abertzalearen jarrera aurkeztutako politiken arabera hartutakoa izango baita.

Halaber, EH Bilduk Aurrekontuen bozketan zein jarrera izango duen aurreratu ezin duela esan du, Jaurlaritzak 2013rako lege-proiektua egin eta aditzera eman arte. Mintegiren hitzetan, "lurralde historiko bakoitzak bere errealitatea du, eta erabakiak aurkeztutako politiken arabera hartzen dira", eta ez administrazio bakoitzean agintzen duen alderdi politikoaren arabera.

Jose Antonio Pastor Alderdi Sozialistako Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ere Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak izan ditu gaur hizpide. Pastorrek jakinarazi duenez, edukiaren arabera erabakiko du Alderdi Sozialistak kontuak babestu ala ez. Aurrekontuak onartu aurretik, ordea, lehentasuna Eusko Legebiltzarrean bi eztabaida monografiko egitea da PSE-EErentzat: Eztabaida bat fiskalitateaz eta bestea enpleguaz.

Antonio Basagoiti Euskadiko PPko buruak, bestalde, Araban eta Gipuzkoan sortutako ''egoera bideratzeko'' deia egin die alderdietako buruei, haren ustez egoerak Euskadiko eta Bizkaiko aurrekontuak arriskuan jartzen dituelako. Halaber, ''Euskadik bizi duen larrialdi egoera'' gogora ekarri du, eta kargua hartu berri duen Urkullu lehendakariaren jarrera kritikatu du.

''Garaiz gabiltza'' izeneko post batean, alderdiak ''liskar politiko, partidista eta irrazional'' batean sartzear daudela ohartarazi du.

Aldundietako aurrekontuak

EAEko aldundien artean, Bizkaikoaren aurrekontuak dira argitzekr dauden bakarrak, Arabakoak Gobernura itzuli eta Gipuzkoan lortutako akordioaren ostean.

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia pozik agertu da, Bildu, PSE-EE eta Aralarren akordioari esker, Gipuzkoa 2013ko Aurrekontuak aurrera aterako dituen lehen Lurraldea izango delako. Garitanoren hitzetan, adostutako aurrekontuak "aurrerakoiak eta egokiak" dira.

Ez dago egoera berdina, ordea, Araban eta Bizkaian, eta Arabako Foru Aldundiko aurrekontuen bozketan EAJk abstentzioaren alde egin izanak zaila egin dezake Bizkaian aurrekontua proiektuak aurrera egitea. EAJk PPren abstentzioa behar du bertan, eta Bilduk dagoeneko iragarri du ez dituela aurrekontuak babestuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea