Politika -
Erabakitzeko eskubidea
Gobernuak Amaiurri: 'Erabakitzeko eskubidea Espainia osoari dagokio'
Autodeterminazio erreferendumen inguruko iritzia galdetu zion Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak Gobernuari.
Erredakzioa
"Gure sistema demokratiko eta konstituzionalean oinarritzen den erabakitzeko eskubidea Espainiako Nazio osoari dagokio", adierazi du Gobernuak Kongresura bidali duen erantzun batean.
Izan ere, Amaiurrek horren inguruan galdetu zion. Halaber, "ikuspegi konstituzionaletik eta interes orokorretik bakarrik, hainbat erkidegotan subiranotasunaren alde egitea" Gobernuak "aintzat hartzen eta aztertzen duela" adierazi du, hori baita "Araua betetzeko Gobernuko kideen betebeharra".
Bi erantzun irmo hauekin, Iñarrituk eginiko galderak erantzun ditu. Konstituzioek sezesioa aintzat hartzen ez duten herrialdeetan, Erresuma Batuan, Danimarkan eta Kanadan besteak beste, autodeterminazioaren inguruko erreferenduma egitea zer iruditzen zaion galdetu zion Gobernuari.
Galdera horietan, kontsultak "oinarri demokratikoaren izenean" ahalbidetu direla azaltzen zuen Iñarrituk eta Espainiak era berean erantzungo ote zuen galdetzen zion.