Politika -
Espainian
300 politikari baino gehiago inputatu dituzte ustelkeriagatik 2012an
Mediterranioko kosta inguruan atzeman dituzte kasu asko eta gehienek jarduera publikoa utzi badute ere, Valentziako Parlamentuan auzipetutako zazpi diputatu daude.
2012an 300 politikari espainiar auzipetu zituzten ustezko ustelkeria kasuengatik Estatu osoan, baina Mediterranio itsasoko kosta inguruan batez ere. Gainera, Bankia eta aurrezki kutxa batzuetako administrazio kontseiluetan zeuden hainbat politikari ikertzen ari dira ustelkeriarekin lotuta.
Ustelkeria kasuetan nahastu direnen artean administrazioko maila guztietako jendea dago, eta ikerketapean daude Espainiako Gobernuko kideetatik hasita (Jose Blanco ministro ohia 'Campeon' operazioan), erkidegoetako eta udaletako arduradunetara.
Valentziako Parlamentuan PPko bederatzi diputatu daude ustezko ustelkeria kasuengatik auzipetuta. Torreviejako alkate ohiak dimisioa eman behar izan zuen Udalean egindako kudeaketagatik hiru urteko kartzela-zigorra jaso ostean. Ogasun kontseilariak ere dimisioa eman zuen, epaitegiak eskatu zituen dokumentu batzuk filtratzeagatik. Francisco Campsen agintaldiko goi-kargudun asko auzipetu dituzte ustelkeria kasuetan.
Balear Uharteetan, Iñaki Urdangarin buru zuen Noos Institutuaren auzia izan da hedabideetan presentzia handiena izan duena, izan ere, 100 kargudun publiko inguru auzipetu dituzte. Jaume Matas presidente ohiaren agintaldiko goi-kargudunak dira auzipetu gehienak. Matasek kargua utzi zuen ustelkeriarekin eta PPren legez kanpoko finantziazioarekin lotutako 12 delitugatik auzipetu ostean. Parlamentari izaten jarraitzen badu ere, Pera Rotger Balear Uharteetako Parlamentuko presidente ohiak dimisioa eman zuen 'Over Marketing' auzia dela eta.
Andaluzian 70 politikari inguru daude auzipetuta, kontseilari eta parlamentari ohi sozialistak tarteko, legez kanpoko erregulazio espedienteen kasu baten harira.
Katalunian irekita jarraitzen dute 'Mercurio' eta 'Pretoria' auziek. Galizian dozena bat alkalde auzipetu dituzte higiezinen ustezko ustelkeria kasuengatik. Kanariar Uharteetan ere antzerakoa da egoera.
Madrilen, lau alkate eta hiru diputatu ohi daude 'Gürtel' auzian nahastuta.