Politika -
Ertzaintza
Kendutako banderen inguruan azalpenak eskatu dizkio PPk Jaurlaritzari
Atzo, Eibar, Zumarraga, Beasain eta Erandioko Ertzaintzaren polizia-etxeetako halletatik Espainiako banderak kendu zituzten. Hala ere, Erandion berriro jarri dutela jakinarazi dute gaur sindikatuek.
Erredakzioa
Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren agerraldia eskatu du, Legebiltzarrean Ertzaintzaren polizia-etxeetatik kendutako Espainiako banderei buruz azalpenak eman ditzan.
Atzo, Eibar, Zumarraga, Beasain eta Erandioko Ertzaintzaren polizia-etxeetako halletatik Espainiako banderak kendu zituzten. Hala ere, Erandion berriro jarri dutela jakinarazi dute gaur sindikatuek.
Jaurlaritzak berak azalpen bat eman zuen atzo bertan: Urkulluren Gobernuak ez zuen banderak kentzeko agindurik eman.
Hala ere, Euskadiko PPk ekimen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, sailburuari azalpenak eskatzeko. "Ertzaintzaren baitan dagoen desgobernua argia da. Ez dago erantzulerik eta inork ez daki nork agindu duen Espainiako banderak kentzea", adierazi du Nerea Llanosek.
"EAJren aurreneko pausoak Segurtasun Sailan oso txarrak izan dira. Lehenengo, Anoetako istiluak, eta orain polizia-etxeetan kendu diren banderak", azpimarratu du.
Legea kontutan ez hartzea leporatu dio PPk EAJri, Ertzaintzaren baitan "kutsu abertzalea inprimitzeko eta euren interes politiko eta ideologikoen zerbitzura jartzeko".
Espainiako banderak kentzean "Batasuna eta Bilduren mundua pozik" utzi nahi izatea egotzi dio Llanesek EAJri.