Politika -
Artikulua bere blogean
'Behingoz' gobernatzen hasteko eskatu dio Basagoitik Urkulluri
PPko Euskadiko presidentearen esanetan, lehentasuna da ekonomia arloko neurriak adostea eta horiek aurrera ateratzeko "babesak" lortzea.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti PPko Euskadiko presidenteak "behingoz" gobernatzen hasteko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari. "Alderdi baten jomuga baino, Euskadi hobetzeko bidea da Eusko Jaurlaritza", azpimarratu du. Halaber, euskal Exekutiboaren "eztabaida falta" eta Segurtasun sailburuaren "hanka-sartzeak" salatu ditu.
Blogean argitaratutako artikulu batean Basagoitik esan duenez, "gehiengo txiki bati esker lortu du Urkulluk Lehendakaritzara iristea, eta ez da gai izan gobernatzeko behar duen eztabaida praktikatzeko".
Babes falta Anoetan
Basagoitiren iritziz, Eusko Jaurlaritza berriaren aurreneko egunetako protagonistak Segurtasun sailburuaren "hanka-sartzeak", "Ertzaintzak Anoetan pairatu zuen babes falta", eta "Euskadi anitz honetan aurrera egiteko beharrezkoa den eztabaidari eusteko ezgaitasuna" izan dira.
"Gezurra ematen du, baina argazkien flashagatik Urkulluk itsu jarraitzen du", deitoratu du Basagoitik, "ez da lanean hasi, ez du krisiari aurre egiteko neurririk proposatu. Urkulluk edukirik eta konpromiso politikorik gabeko argazki arin eta erraza nahiago du".
Basagoitiren esanetan, "Jaurlaritzara bueltatzean, jeltzaleak lasai geratu dira, Jainkoek justizia egin dutela eta haiena zena berreskuratu dutela uste baitute".