Politika -
Baiona
Aurore Martinek mugimendu politikoak ikusi zituen atxiloketan
Batasunaren buruzagi ohiaren esanetan, atxiloketa bera eta ondoren libre uztea "kudeaketa politikoaren" ondorio izan ziren.
Erredakzioa
Aurore Martin Batasunaren buruzagi ohiak "kudeaketa politikoak" ikusi zituen bere atxiloketan eta, ondoren, libre utzi zutenean.
Batasunaren buruzagi ohiak prentsaurrekoa eman du gaur Baionan Espainiak bera atxilotzeko euroagindua eman ostean gertatu denaren inguruko azalpenak emateko. Martini erakunde terroristako buruzagia izatea leporatzen dio Espainiako Justiziak.
Aurore Martin atxilotu zutenean, Frantziako Poliziak esan zuen atxiloketa "ezustean" gertatu zela, errepideko ohiko kontrol batean. Martinen ustez, ordea, kontrakoa esan nahi du Espainiako autoritateen esku horren azkar utzi izanak. "Dena oso azkar eta ondo antolatuta gertatu zen", adierazi du Martinek.
"Argi dago kudeaketa gehigarriak izan zirela", Martinen arabera. Izan ere, Espainiako Gobernuak eta Manuel Valls Frantziako Barne ministroak atxiloketaren aurretik eta ondoren egindako adierazpenek horixe uzten omen zuten agerian.
Askatasuna
Bermepean aske geratu izana ere "kudeaketa politikoarekin" lotu du. "Nire espedientea duen beste edonork bi urteko kartzela-zigorra beteko zuen gutxienez. Aske utzi ninduten bi hilabeteren buruan, beraz, baldintza bereziak ezarri zizkidaten", Martinek azaldu duenez.
Azkenik, erabaki politikoak aurrerantzean "Euskal Herriko bake prozesua sustatzeko giltza" izatea aldarrikatu du.
Bestalde, Martinek eskerrak eman dizkie bere askatasunaren alde egindako mobilizazioetan parte hartu dutenei eta babesa agertu dioten guztiei, eta "euskal preso politiko guztiekin berdina gertatzea" espero du.