Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Txiki Muñoz: 'ELA ez da inolako alderdi politikoren mende egongo'
ELAko idazkari nagusiaren arabera, "2013 urtea 2012a baino askoz gogorragoa izango da, eta eskuineko politika ekonomikoen helburu bakarra "kolektibotasunarekin amaitzea" dela salatu du.
L.E.
Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak azpimarratu egin du sindikatua ez dela "inolako alderdi politikoren mende egongo". Hitz horiekin ELAko zenbait militantek ateratako idatziari erantzun nahi izan dio, idatzi horretan ELAko zuzendaritzak EH Bildurekin zuen jarrera salatzen zuten.
Txiki Muñozen arabera, "idatzi hori hedabideetara helarazteko helburuarekin egin zuten". Hala ere, ELA "erakunde autonomoa dela eta berariazko pentsaera duela" azpimarratu du, horregatik ez du onartuko "edozein alderdiren mende egotea".
Muñozek adierazi duenez, deigarria egiten zaio gobernu "sindikatu batek esandakoak enbarazu egitea" egunero botere ekonomikoaren "ezkutuko presioak" jasan behar dituztenean.
Murrizketak
ELAko ordezkariaren arabera, "2013 urtea 2012a baino askoz gogorragoa izango da", eta Confebaskek orain 600 milioi behar dituela esatea kritikatu du. "Nondik atera behar dute diru hori? Langileengandik?", galdetu die Muñozek. Jarraian, enpresariek eskaera hori egiteak Kutxabankek huts egiten ari dela adierazten duela esan du, "finantza erakundeak baitira kresitua eman behar dutenak".
Gauzak horrela, Txiki Muñozek "patronala diru publikoarekin finantzatutako lobbya" dela salatu eta lobby horren helburua "esparru publikoa deusestatzea dela" gaineratu du. Eta egoera horri "mobilizazioen bidez" aurre egingo diotela azaldu du, ez elkarrizketa sozialaren mahaian eserita "mahai hori antzerki hutsa delako".