Politika -

Urteurrena

Ajuria Eneako Ituna; 25 urte normalizazio eta bakerako akordiotik

Euskadiko normalizaziorako eta bakerako hitzarmena EAJk, PSEk, EAk, Euskadiko Ezkerrak, APk eta CDSk sinatu zuten Ardanza lehendakariarekin batera.

Ajuria Eneako Itunatik 25 urte. Argazkia: EITB
Ajuria Eneako Itunatik 25 urte
ETB Ajuria Eneako ituna sinatu zutenekin egon da

1:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1988ko urtarrilaren 12an, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egoitzan, Legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdi guztietako ordezkariek, HBk izan ezik, hitzarmena sinatu zuten. ETAren azken atentatuak areagotu egin ziren azken hilabeteetan; horien artean, 1987ko ekainaren 19an, Bartzelonan gertatu zen Hipercorreko atentatua ekarri behar da gogora.

50 ordu baino gehiagoz bilduta egon ostean, Jose Antonio Ardanza lehendakariak, Xabier Arzallusekin (EAJ), Julen Guimonekin (AP), Alfredo Marco Tabarrekin (CDS), Kepa Aulestiarekin (EE), Inazio Oliverirekin (EA) eta Txiki Benegasekin (PSE), sinatu zuen ituna. Oro har, ETAren jarduera gaitzesten zuten eta euskal auziari konponbidea emateko Gernikako Autonomia Estatutuak finkatzen zuen markoa onesten zuten. Hitzarmenak hurrengo hamarkadako politikaren ibilbidea ezarri zuen.

Hauexek ziren itunaren helburu nagusiak: Terrorismoarekin amaitzeko poliziaren jarduera areagotzearen beharra; elkarbizitza demokratikorako oinarriak babestea; atentatuak saihestu eta egileak atxilotzea; ETAri jarduera armatua bukatzeko eta HBri aukera politiko gisa Legebiltzarrean politika egiteko eskatzea; "damua" erakusten zuten presoak birgizarteratzea; eta azkenik, ETAk armak uztea erabakiz gero, elkarrizketarako prozesuak hastea.

Ajuria Eneako itunak hainbat fase izan zituen. Sinatu zenetik 1992. urtera arte, ETAren aurkako jarrera eta HBren isolamendua izan ziren nagusi. Terrorismoaren aurkako gizarte mobilizazio aroaren ostean, Ituna krisian sartu zen 1992 eta 1995 urteen artean. Leitzarango autobidearen bidearen aldaketa, EAJren eta HBren arteko elkarrizketak eta presoak birgizarteratzeko PPren oposizioak gatazka ekarri zuten.

1995 eta 1998 urteen artean, "bigarren fasea" egiten saiatu ziren, eta negoziatutako indarkeriaren amaieraren aldeko proposamena egin zuen Ardanza lehendakariak. Alderdien artean akordio bat adostea, eta ondoren, HBri helaraztea akordatu zuten, betiere ETAren "su-eten mugagabe batekin".

Dokumentua 1998ko martxoaren 17an eztabaidatu zuten baina ez ziren adostasunera iritsi; Carlos Garaikoetxeak, orduko EAko presidenteak, Ituna "hilda" zegoela esan zuen.

Terrorismoaren aurkako alderdien arteko batasuna hautsita gelditu zen eta konstituzionalistak batetik, eta nazionalistak bestetik, ibilbide ezberdinak hartu zituzten; urte horretako irailean, Lizarrako Ituna iritsi zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea