Politika -
Elkarrizketa
Semper: 'Dispertsioa ETArengatik hasi zen eta ETArekin desagertuko da'
Aurrekontuek PPren aldeko botoa edukitzeko, "administrazio publikoak esfortzu bat egin eta sare instituzionala murriztu" beharko duela azaldu du Borja Semper Gipuzkoako PPren presidenteak.
Erredakzioa
Larunbatean, Bilbon, presoen eskubideen alde egin zen martxaz mintzatu da du Borja Semper Gipuzkoako PPren presidentea Radio Euskadin eta "dispertsioa ETArengatik hasi zen eta ETArekin desagertuko da", defendatu du. Ildo honetan, "zuzenbidezko estatuak ez du amnistiarik onartzen, horrek ez baikaitu gizartean pertsona hobeak egingo", esan du.
"PPri ez zaio axola zigorrak non betetzen diren, betetzea baizik" azaldu du Semperrek. "Dispertsio politikak presoak ETAren aurrean defendatu nahi zituen; ETAk berak egiten die min gehien presoei", ondorioztatu du.
Gipuzkoako PPren buruzagiaren iritziz, "Bildu PPren aurkari politiko handiena da, alderdi horrek proiektu totalitarioa duelako".
Lehengo astean, Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari orokorrak eta Antonio Basagoitik Bildurekin akordioetara iristea baztertu zuten, Semperrek "Bildu ez da ETA" esan eta Euskadiko etorkizuna alderdi horrekin eraiki behar dela azaldu ostean.
Bildu PPren aurkari politiko handiena dela esan du, baina "euskal gizartea oso anitza da eta etorkizuna denen artean egin behar da, betiere ezker abertzaleak hiltzea gaizki egon dela onartuz gero", defendatu du.
2013ko aurrekontuen inguruan, PPren aldeko botoa edukitzeko "errealistak eta 2013az haratago doazen aurrekontuak" izan behar direla esan du Semperrek. Gainera, "administrazio publikoak esfortzu bat egin behar du eta sare instituzionala murriztu" behar duela defendatu du.
Andoni Ortuzarrekin harreman ona duela azaldu du, baina "Euskadiren ikuspegia nirea baino murritzagoa du", esan du. "Euskadik munduan izan behar duen eginkizunaren inguruan oso ikuspegi ezberdinak ditugu".
Azkenik, Basagoiti ministro izan daitekeen galdetuta, "izan liteke, badu horretarako ahalmena eta Rajoyren konfiantzakoa da", azaldu du. Ez du ordezkoa izatea baztertzen, "politika maite dut eta lidergoa izan nahi dut", adierazi du, baina "PPn ez gaude une honetan horrelako eztabaidetarako", zehaztu du.