Politika -
Elkarrizketa ETBn
Asmo demokratikoei Legearekin 'mehatxu' egitea kritikatu du Ardanzak
Egungo espetxe politikaren aurka dagoela adierazi du, baita "ETAk eragindako mina ez onartzearen aurka ere".
Erredakzioa
Jose Antoio Ardanza lehendakariaren iritziz, demokrazia honek "gaixotasun bat du" Kataluniaren edo Euskadiren edozein asmo demokratikori, Legearekin "mehatxu" egiten badio.
ETBko elkarrizketa batean, ildo honetan "atzera" egin dela esan du, eta Ajuria Eneako itunetik 25 urte pasatu direnean, horrelako auziekin mehatxu egiten saiatzea "ulertezina" dela esan du.
Orduan, "ETA babesten zutenei, demokrazian edozein asmo defendatzea zilegi zela azaltzen zitzaien", ekarri du gogora, "independentzia, subiranotasuna, edo jakobinismoa dela ere". Baina egun, "Katalunian edo Euskadin Ibarretxe planarekin egiteak berehala mehatxua dakar".
Larunbatean Herrirak deituriko manifestazioaren inguruan, EAJk ez joatea erabaki izana "oso ongi" dagoela defendatu du. Egungo espetxe politikaren aurka dagoela esan du, baina baita "ETAk eragindako mina ez onartzearen aurka".
"Zer lortu dute?", galdetu du Ardanzak eta "hainbeste biktimekin eragindako mina" onartzen badute, "gizartea presoen aldarrikapenekin sentikorragoa" izango dela uste du.
Azkenik, ETArekin izandako elkarrizketetan, Loiolan azkena, taldeak "presoen auzian" inoiz sartu nahi izan ez duela adierazi du, "euren arazoa" ez direla eta "gizarteak aterako dituela" argudiatuta.