Politika -

Troitiñoren epaiketa

Estradizioak 'giza eskubideak urratuko lituzke', defentsaren ustez

Antonio Troitiño Londresen atxilotu zuten ekainean, eta Espainiak bere estradizioa eskatu du, Parot doktrina aplikatzeko.

Troitiño
Troitiño
Troitiño

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Troitiño ETAko kidea espainiaratzeak bere ''giza eskubideak urratuko lituzke'', haren defentsak astelehen honetan argudiatu duenez.

Troitiño Londresen atxilotu zuten ekainean, Espainian 24 urteko kartzela zigorra bete ondoren. Justiziak, baina, zigorra luzatzea erabaki zuen, Parot doktrinari helduta, eta estradizioa eskatu du. Gaur hasi da Londresen horren inguruko epaiketa.

Lehen saioan, Matthew Ryder defentsaren abokatuak hitz egin du, eta Troitiño estraditatzeak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 5. eta 7. artikuluak urratuko lituzkeela defendatu du (lehenak askatasun eta segurtasun eskubideak biltzen ditu, eta bigarrenak, berriz, ''kaltegarri diren lege penalen atzeraezintasuna'' jasotzen du, Ryderrek azaldu duenez).

Bihar egingo du hitzaldia Espainiako Justizia ordezkatzen duen Jonathan Hall fiskalak. Hark defendatzen duenez, Espainiako legeekin bat egingo luke estradizioak.

Ihesaldia, 24 urteko zigorraren ostean

Trotiño 2011ko apirilean askatu zuten Espainian, 24 urteko kartzela-zigorra beteta. Hala ere, egun batzuk igaro ondoren, Auzitegi Nazionalak aske uzteko erabakia atzera bota zuen eta Parot doktrina aplikatzeko deitu zuen. Parot doktrinaren arabera, Trotiño 2017ra arte egon beharko luke kartzelan.

Baina Espainiako Justiziak agindua eman zuenerako, Troitiño ihes eginda zegoen. Ondorioz, Espainiak atxilotzeko agindua eman zuen eta Erresuma Batuan harrapatu zuen ekainaren 29an.

Londresen atxilotu zuten

Troitiñiño Londresen atxilotu zuten Ignacio Lerin ETAko ustezko kidearekin batera, Hounslow auzoko etxebizitza batean, Heathrow aireportutik gertu. Etxebizitzan dokumentazio faltsua aurkitu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Parot Doktrina Politika Presoak albisteak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Londres albisteak gaur