Politika -
Elkarrizketa
Pastor: 'Orain, posible izan liteke kartzelen eskumena EAEri ematea'
Kartzela-politika kudeatzeko eskumena izatea 'ez da inolako gozokia', baina 'Euskadin ongi kudeatzen jakingo dugu'.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor Eusko Legebiltzarreko PSE-EEko bozeramailearen iritziz, "seguruenik orain posible izan liteke kartzelen eskumena EAEri ematea".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, EAJk aipaturiko eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu izan duenean, "ETAren jarduna amaitu gabe zegoen".
Pastorren ustez, "orduan geneukan klima politikoa ez zen transferentzia hori egiteko egokia". "Orain bizi dugun egoera ezberdina da: ETAren jardun armatua amaitu da, normalizazio politikoa daukagu, eta ezker abertzalea instituzioetara itzuli da. Hori dela eta, orain posible izan daiteke eskumen hori EAEri ematea", gaineratu du.
"Eskumen garrantzitsua da, baina ez da erosoa", adierazi du Pastorrek. "Kataluniak badu eskumen hori, baina askotan ahalegindu da Espainiako Gobernuari itzultzen, kostu handia duelako eta kudeatzen zaila delako", gaineratu du. Kartzela-politika kudeatzeko eskumena izatea 'ez da inolako gozokia', baina 'Euskadin ongi kudeatzen jakingo dugu'.
Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak
Jose Antonio Pastorren iritziz, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundietako aurrekontuak onartzeko EAJren eta PPren arteko balizko akordioa "normala" izan daiteke. Horren ustez, "biak dira eskuineko alderdiak, eta, EAJk negoziatzeko borondaterik ez duenez, PPrekin elkartu beste aukerarik ez du". Pastorrek ukatu egin du beste behin PSE-EEren eta Bilduren arteko akordioen atzean besteak amorratzeko asmorik dagoela.
Iñaki Goioagari buruzko eztabaida
Sozialisten bozeramailearen iritziz, Iñaki Goioaga abokatua senatari izango da epaitegiek kontrakorik esaten ez duten bitartean, eta eta Fiskaltzak Iñaki Goioagaren aurkako salaketa jarri izanak PPri eta Bilduri mesede egiten diela salatu du.
PSE barruko gatazka
Pastorrek ukatu egin du Araban PSE-EE hausteko arriskua izatea, eta ez du baztertu aste honetako lurralde batzarraren ondotik bi sektoreen arteko akordioa lortzea.