Politika -
ANV-EAEren ilegalizazioa
Estrasburgoko erabakiak alderdi politikoen erreakzioak ekarri ditu
Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) alderdiaren legez kanporatzea berretsi du gaur Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta erabaki horrek Euskal Herriko alderdi nagusien erreakzioak ekarri ditu.
Erredakzioa
Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) alderdiaren legez kanporatzea berretsi du gaur Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta erabaki horrek Euskal Herriko alderdi nagusien erreakzioak ekarri ditu.
Auzitegi Gorenak 2008ko abenduaren 22an legez kanporatu zuen EAE-ANV, eta Konstituzionalak handik eta hilabetera baieztatu zuen. Epaian, EAE-ANV Espainiako demokraziarentzat "arrisku handia" zela adierazi du Estrasburgok.
Estrasburgoko erabakia "iraganean" geratzea eta "egungo eta etorkizuneko joko politikoa ez baldintzatzea" espero du Eusko Jaurlaritzak. Josu Erkoreka bozeramailearen esanetan, epaia "hor dago" eta "bete egin behar dugu".
EH Bildu koalizioak epaia deitoratu eta "Alderdien Legearen azken estertorea" izango dela gaineratu du. "Ibilbide demokratiko garden eta garbia egin duen alderdi bat legez kanporatzea lotsagarria da", adierazi dute koalizioko ordezkariek.
Ezker abertzalearen iritziz, epaia "ulertezina" da. "Ilegalizazioek ez diote ezer onik ekarriko Euskal Herrian ireki den aro berriari".
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak esan du "normala" eta "zentzuzkoa" dela Estrasburgok ANVren ilegalizazioa berrestea. "Gaurkoa pozik egoteko eguna da", adierazi du. "Ilegalizazioei esker, ETAk indarkeriaren amaiera iragarri behar izan du".
Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak nabarmendu duenez, Estrasburgoko erabakiak "bermatu" egiten du EH Bildu, Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko eskaera.