Politika -
Aldaketak Foru Aldundian
Unai Rementeria, Bizkaiko Presidentzia diputatu eta bozeramaile berria
Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu berriaren tokia hartuko du Diputazioan.
Unai Rementeria Presidentzia diputatu eta bozeramaile berriaren kargu hartze ekitaldia izan da astearte honetan Bizkaiko Foru Aldundian. Sartu berriak Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu berria ordezkatuko du Diputazioan.
Lehendakaritza saileko titular berriak euskaraz egin du karguaren zina, Bizkaiko Foruen liburuaren aurrean: "Onura eta bidezkotasuna indartzeko, otseintzarako gogo biziz askatasun eta burujabetzaren ikur diren Bizkaiko Foru, jarduera eta ohiturak zaintzea zin dagit."
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak esker oneko hitzak izan ditu Juan Mari Aburto egungo sailburuarentzat, eta erakutsitako konpromisoa eta egindako lana goraipatu ditu.
Bestalde, etorri berriari ongietorria egin dio eta ondorengo mezua helarazi dio: "Bizkaiko gizartearen alde lan egitera etortzen gara hona".
Ekitaldiaren ondoren, kazetarien aurrean hitz egin du Unai Rementeriak, eta Aburtoren mailara iristeko lan egingo duela adierazi du. Bere bi helburuak administrazio elektronikoa eta udalak izango dira. Lana, erantzukizuna eta bizkaitarren ondoan egotea agindu ditu Unai Rementeriak.