Politika -

Alderdien legea

ANVren kontrako ebazpena 'politikoa' dela salatu dute

Antxon Gomez EAE-ANVren idazkari ohiaren arabera, Espainiaren "presioa" lehenetsi dute, eta helegitea aurkeztu ala ez aztertzen ari dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antxon Gomez EAE-ANVren idazkari ohiak salatu du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak EAE-ANV alderdiaren kontra eman duen ebazpena "politikoa" dela. Horren harira, datorren asteetan erabakiaren kontrako "helegitea" jarri ala ez aztertuko omen dute.

Gomezek eta beste alderdikide batzuek Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu dutenez, "Estatuaren arrazoia eta presioa" lehenetsi dute, eta "herri hau ezagutzen duen edonorentzat" alderdia "Espainiako demokraziarentzat eta Euskal Herriko elkarbizitzarentzat mehatxua" dela esatea "erokeria itzela" dela esan du.

EAE-ANVren idazkari ohiaren esanetan, ebazpen "politikoa" da eta agerian uzten du "beste behin ere Alderdien Legeak indarrean jarraitzen duela gizarte honen kontra eta normalizazio ahaleginen kontra".

Gomezen ustez, "mehatxua" Alderdien Legea da, eta "ez Euskal Herriarentzat soilik", izan ere, "orain Kataluniako alderdi independentisten kontra erabiltzen ari dira, eta baita Estatuko ezker antikapitalistaren kontra ere".

Dena dela, ziur esan du alderdia etorkizunean legezkoa izango dela, baina "euskal Estatu independentean, zeren independentziak eta Estatu propioa izateak soilik emango dizkiete euskal herritarrei eskubide nazional, zibil, sozial eta politikoak, Espainiako Estatuak zapaltzen dituenak".

Gomezek gogora ekarri duenez, "Europako auzitegiok ez dute arazorik alderdi neonaziei eta faxistei legezkotasuna aitortzeko, baina legez kanpo uzten dute Euskal Herritik kanpo ere nazien kontra aritu den eta borroka demokratikoan ibilbide luzea egin duen alderdi politiko bat".

Azkenik, EAE-ANVren idazkari ohiak gogor gaitzetsi du Alderdien Legearen ondorioz, "Europan bertan, bere buruari Bakearen Nobel saria eman dion Europar Batasunean, 40.000 pertsonek elkartzeko eta hauteskunde-zerrenda bat osatzeko eskubiderik ez izatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Epaiketak Alderdi politikoak berriak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Estrasburgoko Auzitegia epaiketak