Politika -
Luis Barcenasen auzia
Legea 'ondorio guztiekin' aplikatzea eskatu du Saenz de Santamariak
Ustezko gainsoldaten harian, Gobernuko bozeramailearen hitzetan "nik neuk ez nuen diruz betetako gutunazalik ikusi eta ez zidaten horrelako ezer eskaini. Eta eskaini izan balidate, ez nuen onartuko".
Erredakzioa
Soraya Sáenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak esan du Exekutiboko kideak "harrituta eta suminduta" daudela Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren inguruan ateratzen ari diren informazio guztiak ikusita. Gauzak horrela, presidenteordeak ustelkeria kasuetan legea "ondorio guztiekin" aplikatzeko eskatu du.
"Guztiok ez gara berdinak, hor ez dago zalantzarik, badago politikan lan egiten duen jendea, lan garbia eta zintzoa egiten duena, ahalegin handiarekin", azpimarratu du Saenz de Santamariak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Halaber, gaia "amaiera arte" iker dezatela eskatu du.
El Mundo egunkariak gainsoldaten inguruan ateratako informazioari dagokionez, Maria Dolores de Cospedalek gai horren inguruan esandakoa errepikatu du, eta horrelakoen informaziorik ez zuela gaineratu du. El Mundoren arabera, PPko zenbait agintariri gainsoldatak ordaintzen zitzaizkien diru beltzean.
"Nik neuk ez nuen diruz betetako gutunazalik ikusi eta ez zidaten horrelako ezer eskaini. Eta eskaini izan balidate, ez nuen onartuko", esan du Saenz de Santamariak.