Politika -
ANV legez kanpo uztea
Ezker abertzalea: 'Ez da erabaki juridikoa izan, politikoa baizik'
EAE-ANVko militante historikoen ustez, "estatu arrazoiak" agindu du alderdia legez kanporatzeko prozesuan Estrasburgok eman berri duen epaian ere.
Erredakzioa
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak EAE-ANV alderdi gisa legez kanpora uzteko erabakia berretsi izana "erabaki politikoa" dela esan dute alderdiko militante historikoak, epaiari buruzko balorazioa egiteko agerraldian azaldu den bezala: "Epaiak ez du argudio juridikorik ematen, politikoak baizik", ezker abertzaleak bidalitako ohar batean irakur daitekeenez.
"Espainiako demokraziarako arrisku bat zela", eta "bere militanteek elkarbizitza soziala hondatzen zutela" bezalako baieztapenak, Euskal Herriko errealitate sozialetik kanpo daudela esan dute eta hemen inork ez duela halakorik sinisten. Estatu Espainolaren presioa egon dela halako epaitza ateratzeko ere salatu dute.
EAE-ANVko militante historikoen ustez, "estatu arrazoiak" agindu du alderdia legez kanporatzeko prozesuan Estrasburgok eman berri duen epaian ere.
Ilegalizazioen zikloa oraindik ez dela amaitu ere ohartarazi dute: "Ilegalizazioen zikloa amaitu dela esaten ari dira asko, baina frogatu da ez dela egia. Ilegalizazio zikloa amaitzeko, Alderdien Legea bertan behera utzi behar da". Hortaz, EAE-ANVren aurkako epaiarekin, legez kanporatzearen "mamua" berpiztu dela uste dute.
"Hemen, Euskal Herrian, oraindik 40.000 pertsonek ilegalizazioekin kutsaturik jarraitzen dute, eta nahiz eta beraien kontra inolako inhabilitaziorik teorian ez egon, herri batean dozena bat lagun bilduz gero hauteskunde zerrenda bat osatzeko, atzera bota dezakete sententzia honekin, Espainiako demokraziarako arrisku bat dela argudiatuz", esan dut.
Edozein kasutan, etorkizunean alderdi historikoa berriz legezkoa izango dela seguru daudela esan dute: "Guk badakigu EAE-ANV alderdia, berriz legala izango dela Euskal Estatu independente batean".
EAE-ANVk hiru hilabeteko epea du Estrasburgoren epaiari azken helegitea aurkezteko, eta, "seguruenik" errekurtsoa jarriko dutela adierazi arren, erabakia oraindik hartu gabe dutela azaldu dute.