Politika -
Akordiorako lana
EH Bildu, erabakitzeko eskubiderako EAJ eta PSErekin adostearen alde
Rajoyri "men egiten" jarraituz gero, aurrean egongo direla ohartarazi dio Ugarteburuk Urkulluri; "gako subiranistarekin aurre eginez gero, ordea", babesa emango diote.
Erredakzioa
EAJrekin eta PSE-EErekin erabakitzeko eskubidearen alde akordio batera iristeko lan egingo dutela esan du Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaile eta EH Bilduko legebiltzarkideak. Halaber, Loiolako elkarrizketak "gelditu ziren tokitik berriro ekitearen" alde egin du.
Gainera, Iñigo Urkullu lehendakariari "aurrean egongo direla" ohartarazi dio Rajoyren neurriei "men egiten" jarraituz gero; "subiranismoarekin Estatuari aurre eginez gero, ordea" euren babesa izango dutela esan du.
Europa Pressi egindako elkarrizketa batean, presoen auzian "ekintza eza" leporatu dio EAJri Ugarteburuk eta "PPren salbuespenezko espetxe politikari defentsa" eman diola salatu du. Ildo horretan, dispertsioaren "krimenarekin" amaitzeko eta PPri "gerra trintxeretatik ateratzeko" eskatu dio.
Ezker abertzalearen bozeramailearen iritziz, ez du sozialistak eskatzen duten eredu federalaren eta EH Bilduk eskatzen duenaren artean "norgehiagokarik" izan behar, "erabakitzeko eskubidea ereduen aurretik dagoelako, eta beraz, ez dago kontraesanik".
"Eskuinaren eta ezkerraren eta abertzale eta ez abertzaleen gainetik joango den erabakitzeko eskubiderako", akordio demokratiko bat lortzeko "indar guztiekin lan egingo" dutela ziurtatu du.
Aurrekontuak
EAEko aurrekontuen inguruan, ukatu egin du Jaurlaritza "akordioetara iristeko ahaleginak egiten ari denik, Josu Erkoderak esan duen bezala.
"EH Bildurekin ez dira harremanetan jarri. Utz dezatela gezurra alde batera", esan du Ugarteburuk eta aurrekontuen proiektuaren ildo nagusiak zeintzuk diren ezagutzen ez dituztela gaineratu du. "Ez dakigu ezer; horrela ezin da adostu", ondorioztatu du.