Politika -
Barcenas auzia
Rajoyk gaur emango ditu 'Barcenasen agiriei' buruzko azalpen publikoak
Gobernuko presidentearen hitzaldi irekia bakarrik dago aurreikusita, 12:30ean, eta ez du prentsaurrekorik emango bileraren ostean, PPtik azaldu dutenez.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak bere lehen azalpen publikoak emango ditu larunbat honetan, PPko buruzagiei emandako ustezko gainsoldaten inguruan (Rajoy barne), "Barcenasen agiri"etan agertu bezala, Gobernuko Batzorde Nazionalean emango duen hitzaldian, komunikabideei zabalik.
PPtik azaldu dutenez, formula hori izan da Rajoyk aukeratu duena aste honetan argitaratutakoari buruzko iritzia emateko.
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteak ostiralean iragarri zuenez, Rajoyk "Barcenas auzia"ri buruz hitz egiteko asmoa zuen "herritar guztiek" jarrai dezaketen agerraldi baten bidez.
Jakitear zegoen ea Rajoyk Batzarrean zehar adierazpen publikoak emango zituen ala komunikabideen galderak erantzunez prentsaurreko batean izango ziren, eta gobernuburuak lehenengo aukera hautatu du.
Gobernuko presidentearen hitzaldi irekia bakarrik dago aurreikusita, 12:30ean, eta ez du prentsaurrekorik emango bileraren ostean, ezta Maria Dolores de Cospedal alderdiko idazkari nagusiak ere, PPtik jakinarazi dutenez.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza, PPren kontabilitatea ikertzen
Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak Barcenasen agiri sekretuetan ikerketa abiatzeko materiala dagoela aurreratu du, eta ez du baztertu PPko buruzagiak deklaratzera deitzea.
Hala ere, eta komunikatu baten bidez aditzera eman duenez, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak ez du, momentuz, Luis Barcenas PPko diruzain ohiari Suitzan antzemandako dirua "PPko B Kutxa deritzonarekin lotzeko arrastorik" aurkitu, eta, hala, baztertu egin du, oraingoz, Ruz epaileak PPko ustezko gainsoldatak ikertzea.
Saenz de Santamariak Rajoy babestu du
Soraya Saenz de Santamariak esan du 12 urte daramatzala Mariano Rajoy Breyrekin lan egiten, eta ''jarrera eredugarria'' ikusi izan diola ''beti''.
PPko bi zinegotzik baja eskatu dute
David Pasarin-Gegunde Linares Galdakaoko PPko zinegotziak Alderdi Popularrean behin behinean baja ematea eskatu 'Barcenas auzia' argitzen den arte.
Eduardo Junquera Gijongo PPko zinegotziak ere baja eskatu eta dimisioa eman du, Barcenas auziak mahai gainean jarri dituen ''ekintza tamalgarri, lotsagarri eta larrien aurrean'' bere ''gaitzespena'' agertzeko. Junquerarena ''atzera bota ezin den erabakia'' da, zinegotziak berak azaldu duenez.