Politika -
EAJren estatus politikoa
Ortuzar: 'Estatus berriari ezetz esanez gero, aurrean izango gaituzte'
Kongresuak eta Konstituzionalak ateak itxiz gero, erabakitzeko eskubidea babesteko EAJk "behar den tokian" borrokatuko duela esan du Ortuzarrek.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak nabarmendu du alderdiaren bidai orria 2015. urtean estatus politiko berri bat lortzea dela eta "Euskadin ere norgehiagoka" egon daitekeela ohartarazi du Madrilek aurretik elkarrizketarik gabe "ezetz" esanez gero.
Europa Press agentziak egindako elkarrizketa batean, Kongresuak eta Konstituzionalak ateak itxiz gero, EAJk "behar den tokian borrokatuko" duela esan du erabakitzeko eskubidea babesteko. Halaber, "EAEko eta Kataluniako alderdi nazionalen eta Estatukoen arteko" akordio bat aldarrikatu du "Estatuko eredu berri bat argiztatzeko".
"EAJren proposamena politikoagoa da; eraikuntza nazionalaren beharra azpimarratzen dugu eta euskaldunek gure etorkizuna erabakitzeko ahalmena. Arlo ekonomikoa Kontzertu Ekonomikoari esker, nahiko babestuta daukagulako", esan du.
EAJren asmoa, legegintzaldi honetan "ahalik eta autogobernu maila handiena lortzea da". "EAJk Euskadi Europako nazio izateko proiektua mahaigaineratuko du eta beste alderdiei euren proiektuak aurkezteko eskatuko diegu; ikusiko dugu denen artean akordiora iristeko gai garen", adierazi du.
Bestalde, EAJk Euskadirentzat nahi duen proiektua "Europa Iparraldera begiratzen duen nazioa" dela esan du. Bilduk, ordea, "Euskadi sozialista nahi du, Karibeko Euskadi, Chavez eta Castro eredutzat hartuz".
"Pausoak emanez joango gara, inoren nahia behartu gabe, eta Estatutuak, legediak eta Legebiltzarrak ezarritako bideari jarraituz. Seriotasun osoz proposatuko dugu, erabateko inplikazioarekin", gaineratu du Ortuzarrek.