Politika -
Ustelkeriaren aurkako neurriak
PSEk kargudun publikoen ondarea ikuskatzea proposatu du
Herritarren "sumina" ulertzen duela esan du Jose Antio Pastor bozeramileak, eta gainerako alderdiek proposamenarekin bat egitea espero du.
Erredakzioa
PSE-EEk kargudun publikoen ondarea legegintzaldi hasieran eta amaieran ikuskatzea proposatuko dio EAEko Kontu Publikoaren Auzitegiari, agintaldia amaitzean duten ondareak diru-sarrera ofizialekin bat egiten ote duten jakiteko.
Ustezko ustelkeria kasuak ugaritu ondoren herritarrengan sortu den "sumindura" dela eta, gainerako alderdi politikoek proposamenarekin bat egitea espero dute sozialistek.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak prentsaurreko batean aurkeztu du proposamena, Legebiltzarrean. Ez legezko bi proposamen dira, kargudun eta erakunde publikoen gardentasunean "sakontzea" helburu dutena.
Kargudun publiko bati agintaldia amaitzen zaionean Kontu Publikoen Auzitegiak pertsona horren ondarea ikuskatzea proposatzen du sozialisten ekimenak, ondarearen "eboluzioa" zein den jakiteko, eta diru-sarrera ofizialekin bat egiten ote duen jakiteko. Azterketa horren emaitza publikoa izan beharko litzatekeela iritzi dio, gainera, PSE-EEk.