Politika -

Elkarrizketa

Bilbaok barkamena eskatu dio publikoki Etxenagusiari

"Ez nuen kontratu aldaketaren berri, erratu egin nintzen, hanka sartu nuen", adierazi du Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. Argazkia: EITB
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia.
Bilbaok barkamena eskatu dio Etxenagusiari

0:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak barkamena eskatu dio Iñaki Etxenagusia Bilboko Metroko gerente ohiari, kargua utzi zuenean 93.000 euroko kalte-ordaina jaso zuela salatzeagatik. Bilbaok aitortu du "hanka-sartze larria" izan dela, izan ere, Etxenagusiak jakinarazi zuen 538 euro jaso zituela eta ezin zituela 93.00 euro jaso, Legeak galarazten duelako.

Bilbaok Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean gogora ekarri duenez, astelehenean prentsaurrekoa eman zuen Bilboko metroko zuzendari ohiek jasotako kalte-ordainak salatzeko. Salaketa horren arabera, Iñaki Prego kontseilari ordezkari ohiak 190.000 euro jaso ditu eta Carmen Saratxo zerbitzu juridikoen buru ohiak 260.000 euro. Datu horiek egiazkoak direla berretsi du Bilbaok, baina gezurtatu egin du Etxenagusiaz esan zuena.

"Datu hori agertzen zen kontratuan, baina orain, barkamena eskatu behar diot publikoki astelehenean eman genuen informazioak zuzenean eragiten ziolako, eta egia erdia besterik ez zen", adierazi du.

Horren harira, 2012an egindako erreforma legal batzuen ondorioz Etxenagusiak kalte-ordain hori ezin zuela jaso azpimarratu du Bilbaok: "Astelehenean ez nintzen ohartu erreforma horrek Etxenagusiaren kontratuari eragiten ziola".

"Prentsaurreko horretan esan nuena egia erdia zen. Hori agertzen da kontratuan, baina ezjakintasunagatik, hanka sartu nuen, eta horregatik, barkamena eskatzen diot publikoki Etxengausia jaunari, pertsonen izen onak borroka politikoaren gainetik egon behar duelako", gaineratu du.

Bilbaok azaldu duenez, hala ere, "egia da ia 500.000 euro jaso dituztela beste bi pertsonek".

Etxenagusiak barkatu egin dio

Iñaki Etxenagusia Bilboko Metroaren zuzendari ohiak onartu egin du ahaldun nagusiaren barkamen eskea eta amaitutzat eman du polemika, bere "helburu bakarra egindako kaltea konpontzea" zelako.

Etxenagusiak onartu egin du "ahaldun nagusiak publikoki egin duen barkamen eskea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea